Alemania naziko kontzentrazio esparruetara deportatuak izan ziren euskaldunak gogoratuko dituzte Etxebarrian
Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak ‘Egixarretik Mauthausenera’ egitaraua antolatu du astebururako: hitzaldia eta omenaldia egongo dira.

Historia liburuetan dagoela esaten dute askok, baina badaude historiaren barruan istorio asko. Baita ahaztutakoak ere. Etxebarrian gaur egunera ekarriko dituzte bihartik aurrera Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak antolatutako ekintzekin. Bigarren Mundu Gerrako Alemania naziko kontzentrazio esparruetara deportatuak izan ziren euskaldunak izango dituzte hizpide. Guztira 253 euskaldun izan ziren, horietatik seik Lea-Artibai eskualdeagaz harremana zeukaten.
Ondo baino hobeto daki haien ibilbidea Etxahun Galparsoro Ansolak. Historialariak hitzaldia emango du zapatuan [martxoak 26] Etxebarriko kultur aretoan, 18:30etik aurrera. Sei deportaturen inguruan arituko da, historiaren barruan bakoitzak bere istorioa duelako: Jose Clark (Markina-Xemein), Lucio Vallina (Ziortza-Bolibar), Iñaki Eizagirre (Ondarroa), Aurelio Artola (Lekeitio), Cecilio Hidalgo (Berriatua) eta Jose Maria Agirre Egixarre (Etxebarria). «Gure herrian gutxi ezagutzen den errealitate bat aurkituko du entzuleak. Bigarren Mundu Gerrako eta haren osteko biktimak ez dira ia existitu Hego Euskal Herrian, bazirudien batez ere Alemaniako historian parte zela bakarrik, Europakoa akaso. Baina gurea ez, behintzat», adierazi du Galparsorok. Atzera begira jarriko ditu hitzaldira bertaratzen direnak: «Lea-Artibaiko deportatuetatik abiatuta, historia guzti hau gurea ere badela aztertuko dugu».
2020an Etxahun Galparsorok Bilbao en Mauthausen liburua kaleratu zuen
Beste jende askok adinekoen antzinako pasarteei kasurik egiten ez dieten bitartean, Galparsorok bai. Bera donostiarra bada ere, ama markina-xemeindarra du, eta Etxebarrian protagonista nagusia den Jose Maria Agirre amaren lehengusua zen. Historiaren inguruko pasio hori etxebarritarraren koinatuaren bidetik etorri zitzaion: Marcelino Bilbao. «Hartu-eman asko eta handia izan dugu betidanik beragaz etxean, aitite bat zelakoa zen niretzat, «tio» deitzen nion. Donostiako etxera etortzen ziren bai Marcelino Bilbao baita Jose Maria Agirre urtean hiru eta lau aldiz, eta haien bizitza azaltzen ziguten». Nerabezaroan historia ikasketekin hasi zen, hizketaldi horiek grabatzen hasi zen. Gehiago jakin gura zuen. Hari horretik tiraka 2020an Galparsorok Bilbao en Mathausen liburua kaleratu zuen. «Liburua ez da bakarrik Marcelino Bilbaoren memoria, deportatu denena da eta, esate baterako, Jose Maria Agirre ere parte da».
Lea-Artibaiko sei deportatuek antzeko ibilbidea eduki zuten, baina amaiera desberdina. Jose Clark Aranbarri, adibidez, Jose Mari Agirregaz sartu zen Mauthausenen, eta era berean atera, bizirik. 1913an Toledon jaio arren, ama markina-xemeindarra zuen. Komunista zen, eta gerra sasoian Madrilen ibilitakoa izan zen. Cecilio Hidalgok Clark eta Agirreren antzeko bidea izan zuen. Galparsorok oraindik ezin izan ditu bere pauso denak aurkitu: «Badakigu Badajozen jaio zela 1917an, eta gerra amaitu ostean Frantziara alde egin zuela, baina ez dakigu besterik. Ama eta bere bi arrebak Berriatuan bizi izan ziren, Mauthausenen sartu ondoren bere bila hasi ziren, eta kudeaketa lan denak Berriatuko eta Ondarroako udalen bitartez bideratu zituzten».
Aurelio Artolaren kasua «desberdina» izan zen. 1882an jaiotakoa, ama lekeitiarra zuen. Gerrak eztanda egin zuenean itsasontzi batean Frantziara joan zen. «Frantziarrek gizonezko denak Kataluniara bidali zituzten, emakumeekin eta umeekin geratuz», esan du historialariak. Katalunia hartu zutenean muga zeharkatu zuen berriro eta lanean hasi zen, «janariarengatik bakarrik». Artolaren kasuan, Dachauko kontzentrazio esparrura eraman zuten.
Jose Maria Agirreri omenaldia egingo diote domekan Etxebarriko kultur aretoan
Iñaki Eizagirre Sachsenhausenen sartu zuten naziek. Ondarrutarra puntista izan zen, Bilboko Euskaldunan jokatutakoa zen, baita Bartzelonan ere. «1936an Gerra Zibilak eztanda egin zuenean, frontoia utzi eta Larrazabal bataloian sartu zen teniente moduan. 1940an, oraindik ez dakizkigun arrazoiengatik, Bruselasen atxilotua izan zen, eta espetxetik espetxera joan zen Sachsenhausenen amaitu arte». Kontzentrazio esparruan bizirautea lortu zuen.
Galparsororen ustez, kasurik «adierazgarriena» Lucio Vallinarena izan zen. 15 urtegaz Bordelera joan zen lan bila, bertan ezkondu eta hiru seme-alaba eduki zituen. Komunista zen, eta gerraren hasieragaz batera itzultzeko erabakia hartu zuen. «Santanderreko hegazkin zelai batean aritu zen. Gero, Frantziara itzuli zen, eta emazteagaz batera, erresistentziara batu ziren. Naziek Bordele hartu zutenean talde komunistako kide bat atxilotu zuten, bizitza barkatu zioten infiltratu lanak egitearen truke, eta horrela hiriko komunikazio sistema dena zulatu zuten eta, azkenean, familia osoa atxilotu zuten». Alemaniarrek Vallina fusilatua zuten, eta bere familia banandu, emaztea Auschwitzera eraman zuten eta semeak beste batera.
Omenaldia. Asteburuko protagonista nagusia Jose Maria Agirre izango da. Etxabarrian jaio zen 1919. urteaan, eta Irunen hazi zen. 1936ko gerraren ondorioz erbesteratu ondoren, miliziano jardun zuen; gerora, zorigaiztoko lau urte pasarazi zizkioten, Mauthausenen. 1945ean askatasuna eskuratu zuen, eta azkenengo urteetan Palman bizi izan zen, eta han bere historia eta memoria hurrengo belaunaldiei transmititzen jardun zuen, besteak beste, eskoletan. «Naziek ezarritako sistema txikitzaileak ezin izan zuen Jose Mariren duintasuna deuseztatu. Herrian merezitako omenaldia eskaini nahi diogu haren oroimenaren erreparazioan laguntzeko asmoz», esan dute Ahaztuen Oroimeneko kideek. Domekan [martxoak 27] egingo diote Egixarreri aitortza omenaldia, 12:00etatik aurrera, frontoiko kultur aretoan.