Itsasora atera dira baxurako arrantzontziak
Bi astez geldirik egon ondoren, egoera jada «jasanezina» dela eta antxoaren, eta batez ere, berdelaren kanpainak jokoan daudela esan dute.
Gaur itzuli da arrantzara Ondarroako baxurako flota. Aho batez erabaki zuten barikuan [martxoak 25] garraioaren egoera albo batera utzi eta itsasoratzea. Bi astez geldirik egon ondoren, egoera jada «jasanezina» dela eta antxoaren, eta batez ere, berdelaren kanpainak jokoan daudela argudiatuta hartu zuten erabakia.
Txalupak geldirik egotearen arrazoia, erregaiaren prezioaz gain, garraioaren gelditzea izan da. Baina puntu kritiko batera ailegatu dira eta, hortaz, garraioaren egoera edozein izanda ere, itsasoratu egingo zirela esan zuten barikuan.
Egoerari aurre egiteko, akordio batzuk sinatu dituztela jakinarazi du Eusebio Arantzamendi Bizkaiko Kofradien Federazioko presidenteak. Horien artean, antxoaren kupoa erdira jaitsi dute, 5.000 kilo 10.000 kilo zuten txalupentzat eta 4.000 kilo 8.000 zutenentzat. Berdelarena, aldiz, 30.000 kilokoa izango da ontzi bakoitzeko egunean.
Unean uneko neurriak direla adierazi dute. Gaur, garraiolarien grebaren egoera zein den aztertuko dute, eta horren arabera aurretiaz zituzten kopuruetara bueltatuko dira kupoak.