Lekeition dagoen Frantziako Fundizio Artea ezagutzera emango dute
Lekeitioko Denboraren Bankuak antolatuta, XIX. mendearen erdialdera Frantziako galdategietan sortu eta Lekeitiora ekarritako artelanei buruzko hitzaldia emango du Iñaki Madariaga historiazaleak eguaztenean [martxoak 30] Azkue aretoan.
Frantziako fundizio artea Lekeition hitzaldia emango du Iñaki Madariaga historiazale lekeitiarrak eguaztenean [martxoak 30] 18:30ean, Lekeitioko Azkue aretoan. XIX. mendearen erdialdera Frantziako galdategietan sortutako artelanez ariko da Madariaga. Izan ere, artelan horiek ospe handia hartu zuten garai horretan, eta nazioarteko familia burges garrantzitsu eta dirudunak burdinazko objektu artistiko eta apaingarriak jartzen hasi ziren euren lorategi eta etxe atarietan. Horietako batzuk Lekeitiora ere heldu ziren, eta non dauden edo zeuden eta udalerrira zelan ailegatu ziren jakitera emango du.
“Lekeition teknika horregaz sortutako hainbat pieza daude. Uribarren parkean Tritoi Txikiaren iturria dago, Gamarra kaleko patioan aingerutxoaren iturria, eskuman daukan Algortatarren etxeko atarian lau pieza, jainkosa bi gehi ehiza txakur bi, eta ezkerreko etxeko atarian lehoien beste pieza eder bi daude. Gordeta daude baita ere, Uribarren jauregian zeuden lau pieza, eta jauregiko eskaileratan ere zaldi bi zeuden”.
Ondare horietako batzuk desagertuta daudela zehaztu du Madariagak, Uribarren jauregian zeuden batzuk esate baterako, hala ere, desagertutakoa ere dokumentatu egin du. “Uribarrenen iturri ikaragarri bat zegoen. 1956 urtean Enperatriz hostala egin zenean kendu egin ziren pieza guztiak hortik eta udaletxeko biltegira eraman, baina ez dakigu iturriagaz zer gertatu zen, zelan desagertu zen”.
Madariagak azaldu duenez, pieza guzti horiei gehitu behar zaie hilerrian dagoen San Joseren irudi bat. Baina, horrez gain, ezusteko bat ere prestatu duela aurreratu du, eta hitzaldiagaz amaitzeko, beste pieza berezi baten berri ere emango du.
Jatorria. Piezen jatorriak arduradun bat du, Madariagak azaldu duenez: Jose Javier Uribarren. Uribarrenek XIX. mendeko 50eko hamarkadan, bere negozioak Parisen zituela, Uribarren jauregia eraiki zuen Isuntza hondartzaren gainean, lorategi eder bategaz. Uribarren jauregia 1856an eraiki zen. Garai hartan Frantziako burgesiagaz hartu emanak zituen Uribarrenek eta haiek bezala pieza horiek eskuratu zituen jauregirako.
Uribarrenen ondorengoek ekarri zituzten gainerako pieza guztiak udalerrira. “Jose Luis Abaroa lehoiak atarian dituen Gamarra kaleko etxekoa zen, eta Algorta etxekoa, berriz, haren anaia Fabian Abaroa. Katalogoak lortu eta eskariak egin zituzten”.
Madariagak pieza guztien gaineko xehetasunak emango ditu hitzaldian. Esan duenez, Denboraren Bankuaren baitan antolatu dute hitzaldia. Hiru hitzaldi emateko dira, eta eguaztenekoa lehenengoa izango da.