Tomate eta piparren inguruko zalantza guztiak argitu ditu Jakoba Errekondok
Hitzaldia eman zituen agronomo eta paisajista ezagunak barikuan [martxoak 25] Lekeitioko Azkue aretoan. Usotegiko herriko ortua bisitatzeko aukera ere ez zuen galdu.
Harrera ona eduki du Jakoba Errekondok Lekeition emandako hitzaldiak. 50 lagun inguru batu ziren Lekitto Bedarrak antolatuta barikuan [martxoak 25] Azkue aretoan egin zen ekitaldian, eta adi-adi jarraitu zituzten bi ordu inguruko solasaldian Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista ezagunak tomate eta piparrei buruz emandako argipen guztiak.
Tomate eta piparren jatorria eta ekoizteko baldintza nagusienak errepasatu zituen, Mexiko aldetik ekarritakoak eta bero eta lehorreko landareak direla esanez, eta hainbat aholku eman zituen baita ere landara zelan hartu, lurra prestatu, distantziak eta landatzeko sasoian behar duten orientazioari buruz. Praktika txarren zerrenda ere aipatu zuen adituak, ureztatzea ekidin behar dela azpimarratuz, eta ongarri eta botiken erabilpenaz ere jardun zuen. Amaieran, gainera, zalantzak argitzeko tartea ere egon zen.
Lekitto Bedarra elkartekoek Errekondoren hiru liburu ere zozkatu zituzten, eta taldera hurbiltzeko mezua ere zabaldu zuten, nahi dutenak, eguen guztietan, 16:00etatik 18:30etara, Usotegira joatera gonbidatuz.
Elkartekoek azaldu dutenez, partaideak “oso ondo” baloratu zuten ekintzaren formatua, hau da, hitzaldia bi landaretan oinarritzea, eta horrelako ekitaldi gehiago antolatzea eskatu zuten.
Usotegira bisita. Errekondok Lekeitiora egindako bisita aprobetxatu zuen Usotegiko herriko ortua bisitatzeko eta bertan egiten den lana ikusteko. Lekitto Bedarra taldeko baten ortua ikustera ere joan zen, eta txalotu egin zuen bertan landatuta zituen punta luzeko tomateak ekoizteko bertako hazia erabiltzea eta lortutako aleak herrikoen artean banatzea.