Lea-Artibai eta Busturialdea, Batel Ligako alebin mailan garaile
Mutilen estropadan Mundaka Ak irabazi zuen, 02:25,16ko denboragaz, eta neskenean, ostera, Ondarroa B gailendu zen, 02:30,91koagaz.
Joan den domekan, hilaren 27an, 2022ko Gipuzkoako Batel Ligaren hamaikagarren jardunaldia egin zuten, Legution [Araba]. Hainbat adin nahiz kategoriatako arraunlariak aritu ziren zein baino zein gehiago, 10:00etan hasita. Lea-Artibaiko eta Busturialdeko batelak nagusi izan ziren alebin kategoriako nesken eta mutilen estropadetan. Izan ere, mutilena Mundaka Ak irabazi zuen, 02:25,16ko denboragaz, eta neskenean, ostera, Ondarroa B gailendu zen, 02:30,91koagaz. Mutilen proban, gainera, Isuntza, Ondarru eta Elantxobe sailkatu ziren ostean; neskenean, aldiz, Ondarru, Isuntza eta Mundaka.
Mutilen kategoria absolutuan Mutriku A laugarrena sailkatu zen, Donostiarrak irabazitako estropadan; Mundaka bosgarrena izan zen. Neskei dagokienez, Hernani A nagusitu zen, eta Mundaka laugarren sailkatu zen. Amix kategorian Lutxanak irabazi zuen, 02:40,34ko denbora eginda, eta Bermeo zein Elantxobe, hurrenez hurren, hirugarren eta laugarren sailkatu ziren, 0:26,72ra eta 0:56,58ra. Promesetan, Deustuk irabazi zuen, 07:02,23ko denbora eginda, baina Isuntzako arraunlariak sendo agertu ziren: A taldeak bigarren egin zuen; D taldeak, aldiz, bosgarren; B taldea, ostera, bederatzigarren. Ostean sailkatu ziren Mundaka, Bermeo, Ondarru eta Elantxobe. Nesken sailean, Isuntza A eta Ondarru A izan ziren aurreratuenak: hamabigarren eta hamahirugarren.
Parte hartze esanguratsua. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko traineru kopuru handia ibili ziren ume eta gazte kategorian. Azken horretan, hain zuzen, Ondarru A, Ondarru B, Bermeo, Isuntza eta Ondarru Ck lehiatu zuten, mutiletan; nesketan, berriz, Isuntza Ak baino ez. Ume kategoriari helduta, mutiletan Elantxobe A izan zen aurreratuena, eta, nesketan, Ondarru A. Hori bai, Mundaka, Elantxobe eta Isuntza taldeek ere parte hartu zuten.