Garbitzaileek grebak deitu dituzte soldata duin baten alde borrokatzeko
Ondarroako Artibai egoitzako langileek bat egingo dute martxoaren 31ko grebarekin, 'Garbitzaileak borrokan, hitzarmena orain' lelopean, 11:00etan egingo dute agerraldia.
Garbiketaren sektoreko Bizkaiko hitzarmenaren negoziazioak medio sei greba egun antolatu dituzte ELA, LAB eta ESK sindikatuek: martxoaren 31, apirilaren 26 eta 27, eta maiatzaren 10, 11 eta 12an.
Hilabeteak daramatzate patronalarekin negoziazioetan, eta sindikatuen eskatzen duten punturik esanguratsuena, beste batzuen artean, soldata igoera da. Sektoreko langileek 1.080 euro gordin irabazten dituzte gaur egun, eta beraien eskaera hurrengoa da: 1.200 euro eta 15 ordainsari. Orain duten baldintza ekonomikoetatik urrun dagoen igoera bat, hain zuzen ere, %13ko igoera. Sindikatuek diotenez, KPI ikusita gutxiengo igoera da, eta eskaera horretan zentratzen da hain zuzen ere, soldatak KPIrekin lotuta joatea.
Sindikatuek aipatu dutenez, grebak deitu zirenean, patronalak mugimendu garrantzitsu bat egin zuen: 1.200 euro gordin eta 15 ordainsari bete beharreko baldintza bat zela onartu zuten, baina ez zuten igoera hori posible ikusten datorren urteko urtarrilera begira, hau da, beste denbora tarte luzeago bat aurreikusten zuten. Sindikatuek ez dute ontzat eman erantzuna, noizko izango den igoera hori gakoa baita kasu honetan. Hortaz, soldata minimo horretara heltzea baieztatu arte, ez dute hitzarmenik sinatuko.
Gainera, aipatu dutenez “ez da kasualitatea langileen gehiengoa emakumeak diren hitzarmenetan desadostasunak nagusitzea, eta hitzarmenak sinatzeko prozedurak luzatzea”. Garbiketa sektorean 11.000 langile daude Bizkaian, bigarren langile gehien dituen hitzarmena da, eta emakumeen ehunekoa nagusitasun handiz nabarmentzen da.