Nahia Quincoces mendexarra eta Igone Campos, Espainiako txapeldunak bikoteka
Candanchun lehiatutako mendiko eski txapelketan nagusitasunez gailendu ziren Quincoces eta Campos. Lasterketa istripu bategatik eten egin behar izan zuten.
Nahia Quincocesek eta Igone Camposek Espainiako mendiko eski txapelketa irabaztea lortu dute, bikoteka. Euskal Selekzioko bi partaideek Candanchun lehiatutako lasterketan maila handia eta talde lan bikaina erakutsi zuten, eta garaipen oso sendoa lortu. Quincoces mendi eskiatzaile mendexarrarentzat eremu sobera ezagunetik pasatu zen Espainiako txapelketako probako ibilbidea: “Oso ondo ezagutzen dudan ingurua da; bai lehiatzen, bai entrenatzen sarritan ibili naiz”. Zentzu horretan, lasterketako antolakuntzak ibilbide “oso polita” egitea lortu duela adierazi du Espainiako txapeldunak: “Probaren egunean zeuden elur baldintzei erreparatuta, norgehiagoka oso ederra bizitzeko aukera izan genuen”.
Ibilbidearen hastapen eta bukaera eremuak atontzeko Candanchuko eski estazioaren azpiegiturak probestu zituzten arren, ibilbidea pistaz kanpoko eremuan eta 2.060 metroko desnibel positiboagaz egin zuten parte-hartzaileek. Harriz eta korridore estuz jositako ingurunea izan zen probakoa, gogorra, eta kutsu alpetarrekoa; amaieran, gainera, Tubo de la Zapatilla pasabide ospetsua jaitsi behar izan zuten. Quincocesen baldintzetara “hoberen” egokitzen dira Candanchuko lasterketakoa moduko ibilbideak: “Pistaz kanpoko guneak, eremu teknikoak eta mota askotako elurra duten guneak bikain datozkit”. Garaipena lortuagatik ere, Espainiako bikotekako txapelketa ez da izan lehen mailako helburua Quincocesentzat: “Mendiko eski denboraldi amaiera denez, Igonek eta biok ez genituen topatu denboraldian zehar presente egon diren aurkari garrantzitsu ugari”. Halere, “ahalik eta maila onena erakusteko asmoz” abiatu ziren Quincoces mendexarra eta bere bikotekide Campos.
Istripuak zer pentsatu handia eman zidan, han ginenotatik bakarrak baino ez baitzeukan sakelako telefonoa
Bestalde, Espainiako txapelketako parte-hartzaileek ezusteko latza bizi izan zuten Candanchuko lasterketan zehar. Izan ere, lasterkarietako batek eroriko larria izan zuen, harritza batean laprast eginda, eta berna-hezurra apurtu zuen istripu horren ondorioz. “Momentu gogorra izan zen bere alboan izan ginen guztiontzat, ebakuazioa egiteko gune oso nekeza zelako eta, ondorioz, helikopteroz baino ezin baitzuten ebakuatu”, azaldu du Quincocesek. Gainera, helikopteroak denbora luzea behar izan zuen istripuaren tokira ailegatzeko. “Lasterketa buruan ginenok gelditzeko eta zaurituari laguntzeko erabakia hartu genuen. Horretarako, motxilan eraman ohi ditugun manta termikoak eta euritakoak jarri genizkion gainean, eta gure gorputzekin ere berotasuna ematen saiatu ginen, lasaitasuna transmititzen saiatzeaz gain”.
Hain zuzen ere, eroriko hori gertatutako eremua “oso irekia” zegoela argitu du Quincocesek, eta haize ufadek, izerdiak eta soinean zeramaten konpetizioko arropa finak “hotz sentsazio gogorra” areagotu egiten zutela. Istripuak “sentipen gazi-gozoa” utzi zien Quincoces eta Camposi. Halaber, laguntza lanetan galdutako denbora barkatu egin zien antolakuntzak, eta, beraz, garaipena eskuratu zuten. Hori bai, “zer pentsatu handia” eman zien parte-hartzailearen erorikoak: “Laguntzen gelditu ginenotatik bakarrak baino ez zuen sakelako telefonoa, eta, hortaz, planteatu genuen, beharbada, material gutxiegigaz ateratzen garela lasterketetan”. Camposegaz izandako elkarlanari dagokionez, esker oneko berbak baino ez ditu ahotan: “Lagun minak gara, eta bikain konpontzen gara elkarren artean. Aurten elkarregaz lehiatu dugun hirugarren mendi lasterketa izan zen Espainiako txapelketakoa, eta bikain ibili ginen proba osatzeko behar izan genituen hiru ordu luzeetan”.
Datozen probei begira, Alpeetara egingo du Quincocesek, eguenetik zapatura artean. Izan ere, Aostako ibarrean kokaturiko Arvier herrian aurtengo Millet Tour du Rutor distantzia luzeko taldekako proba entzutetsua lehiatuko du Espainiako selekzioagaz, eta Ana Alonso izango da mendexarraren bikotekidea. Lasterketa hori, gainera, Europako distantzia luzeko txapelketa ere izango da, eta horregazĀ Quincocesek aurtengo eski lasterketen denboraldia bukatutzat emango du.