Etxebarriko idi proben 67. sari nagusia hasteko prest dago
Zapatua [apirilak 2], domeka [apirilak 3] eta astelehena [apirilak 4] izango dira lehiaketa egunak.
Euskal Herriko Herri Kirol Federazioaren kontrolpean egongo da txapelketa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte hartzaileek antidopin arauak bete beharko dituzte eta hurrengoko baldintzak bete. Harria Etxebarrikoa izango da eta 1500 kilokoa. Idi pare guztiek 1140 kiloko pisu oinarria edukiko dute, eta idi buztarri bakoitzak akulari bi eraman beharko ditu. Idiak 10:00etan pisatuko dituzte, dagozkien egunean.
Zapatuan hasiko da txapelketa, azkenean 22:00etan ekingo diote lehiaketari. Tolosako zezen plazan dagoen Iker Vicente eta Mikel Larrañagaren arteko aizkora desafioarengatik antolatzaileek ordubete atzeratu dute hasiera. Lehen egunean Lezoko Olazar Eraikuntzak, Bermeoko Rafa Alegria eta Gatikako Jon La Cruz arituko dira nor baino nor. Domekan 17:00etan da hitzordua eta aurrez aurre arituko dira Mungiako Garcia alabak, Lemoizko Txilo eta Maruri-Jatabeko Asador Iruña. Astelehenean 21:00etan azken parte hartzaileek jardungo dute Iñaki Oliden oriotarra, Benguria bermeotarra eta Bilelako Iñaki Lopategi. Olidenek eta Lopategik kinttopean ere lehiatu zuten, bigarren eta bosgarren postuak eskuratuz, hurrenez hurren.
Sariei dagokionez, txapeldunak 1600 euro irabaziko ditu eta Ituarte pentsuakeko manta. Partehartzaile denek dietetan 500 euro jasoko dituzte, betiere 25 untze osatzen badituzte. Horrez gain, Lea-Artibai eskualdeko lehenbizikoak 300 euro eta Ezenarro aroztegiaren akuilu-sorta lortuko ditu.