Lea-Artibai ikastetxeko ikastaroetara doazen langabeentzako garraiorako diru-laguntzak emango dituzte

Etxebarriko, Gizaburuagako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo Udalek eskualdeko 28 pertsonari emango dizkiete diru-laguntzak.

Lea-Artibai Ikastetxeak lanerako prestakuntzara bideratutako eskaintza zabala du, urtean 1.400 langabeentzako 40 ikastarotik gora eskaintzen ditu. Asko dira, berriz, diru sarrerak Markina-Xemeinera arte, edo batzuetan Ondarroara arte, bidaiatzeko garraio gastuetan xahutzen dituztenak. Gaur egun eskualdeko 28 pertsona dira egoera hau bizi dutenak.

Lea-Artibai Ikastetxeak jakinarazi duenez, “eskualdeko udal guztiei egoera hau aurkeztu zaie, eskualdean bizi diren langabetuei prestakuntzarako bidea erraztu eta laneratzeko aukerak areagotzeko laguntza deia luzatuz”. Lau izan dira eskua zabaldu dutenak: Etxebarria, Gizaburuaga, Lekeitio eta Markina-Xemein. Duela urte batzuk Lanbide euskal enplegu zerbitzua zen garraio gastuetarako diru-laguntzak kudeatzen zituena, baina gaur egun jada ez du horrelakorik egiten.

Hori bai, langabeek irizpide zehatz batzuk bete beharko dituzte. Lekeition, esate baterako, laguntza jaso nahi dutenak herrian erroldatuak egon beharko dira, 18 urte baino gehiago izan, diru sarrerak urtean 9.000 euroko baino gutxiagokoa izatea, udalagaz zorrik ez edukitzea, ikastaroaren aprobetxamendua %80koa izatea eta hau amaitzea. Diruz lagunduko diren ikastaroak ziurtagiri profesionala lortzekoak izan beharko dira gutxienez, lanbide bati lotutakoak eta ikastaroa 2022an egindakoa izan behar da. Eskaria abenduaren 30a baino lehen egin beharko da. “Helburua da lanpostu bat lortu edo formakuntza hobetzeko ikastaroetan parte hartzeko aukera erraztea, kasu batzuetan pertsona horien gizarteratzean ere lagunduz”.

Bide berdina jarraitu nahi izan du Markina-Xemeingo Udalak: “Herriko ikasleek ez dute garraiorik behar zentrora joateko, baina laguntza ematea erabaki du udalak, eskualdean prestakuntzarako bidea erraztu eta eskualde osoan laneratzeko aukerak areagotzeko”. Demografia datuak adierazten dutenaren arabera eta eskualdeko industria-ehunak dituen beharrizanei erreparatuz, Lea-Artibai Ikastetxeak ondorio argiak atera ditu: “Epe laburrean inguruko enpresetan eskulanaren beharra izango da”.