Ondarroako garbiketa sektoreko langileek greba egin dute baldintza duinen alde
Ondarroako Udalak garbiketa sektorea antolatzeko azpikontratatuta duen Eulen enpresako langileen ia ehuneko ehunak greba egin du gaur, eta 11:00etan bildu dira Artibai egoitzaren aurrean.
Garbiketaren sektoreko Bizkaiko hitzarmenaren negoziazioak medio sei greba egun antolatu dituzte ELA, LAB eta ESK sindikatuek, tartean, gaurkoa.
Asko izan dira Artibai egoitzaren aurrean bildu diren langileak Garbitzaileak borrokan, hitzarmena orain lelopean, agerraldi zaratatsu bat egin dute, herritarrek beraien egoeraren berri izateko asmoz.
Arantza Solorzano Ondarroako Artibai egoitzako arduradunak adierazi duenez, “Garbiketaren sektorea 2020ko abendutik dago hitzarmenik gabe, urte eta erdi daramagu patronalarekin negoziatzen”. Lehen lerroan lan egiten duten sektore bat da eta lan baldintza ezegonkorrak dituzte, aldi bateko kontratazioak eta kontratu partzialak nagusitzen dira, eta horrek ez du inolako segurtasunik bermatzen langilearentzat. Gainera, 1.080 euro gordin irabazten dituzte gaur egun, eta beraien eskaera hurrengoa da: 1.200 euro eta 15 ordainsari.
“Sektore ahaztua gara” adierazi du Solorzanok, pandemia garaian ere ez ziren gelditu, oinarrizko zerbitzu bezala izendatu zituzten, baina ez zuten inolako errekonozimendurik jaso. Hori gutxi ez balitz, hitzarmenik gabe ta baldintza prekarioetan lan egitea “onartezina” dela dio. Patronalak %2ko igoera eskaini diete, baina argi dute beraien jarrera horren aurrean, “ez dugu onartuko eskainitakoa”.
Lehenengo greba eguna izan da, baina ez da azkena izango. “Egun solte batez greba egiteak ez du aparteko eraginik izango, baina egun gehiago eginez gero, eta jarraiak izanik, nabarituko da gure falta”. Hitzarmena sinatu arte ez dira geldituko, apirilaren 26 eta 27an ere greba egingo dute, eta helburua lortu ezean, maiatzaren 10,11 eta 12an ere gelditu egingo dira. “Baldintza duinak nahi ditugu, eta hori lortu arte hemen jarraituko dugu”.
Pozik agertu dira grebak izan duen parte hartzearekin, “konbokatuta geundenen %97ak bat egin du grebarekin eta hori pozgarria da.”