Gaur edo inoiz bez, Keike
Duela hogei urte hasi zuten ibilbidea, eta hamar baino gehiago dira oholtzatik jaitsi zirela. Taldea berriz elkartu da eta, orain, jarraitzaileekin elkartzeko ordua ailegatu da. Bueltan da Keike.

Keike taldeari boskote batek eman zion hasiera 2002an, lehenengo maketa sortu zutenean, Gorka Ruiz Epi baxuan, Axular Arrasate eta Ion Kirru Iparragirre gitarran, Denis Alberdi baterian eta Nerea Sanchez ahotsa. Boskoteagaz bat egiteko aukera edukiko dute berriro ere Ondarroako taldearen jarraitzaile guztiek, hamarkada bat baino gehiago oholtzatik kanpo igaro ondoren.
“Rocka erraietatik”. Esaldi hori aukeratu du taldeko abeslari eta letren idazleak taldea definitzeko. Hori baita Keikeren identitatearen oinarria, emozioa. Une oldarkor eta indartsuak, une lasaiagoekin nahastuta. Gitarraren pisuaren garrantzia, Sanchezen ahotsaren bi alderdiekin orekatuta, batzuetan zorrotz eta besteetan goxo. Hori litzateke modu bat taldea definitzeko.
Keikek 2009an eskaini zuen bere azken kontzertua Ondarroako Gaztetxean, hor amaitu zen taldeak oholtza gainean egindako ibilbidea, ez, ordea, Keikeren ibilbidea. Taldeak bere une onenean hartu zuen lagatzeko erabakia, kontzertuak bata bestearen atzetik jotzen zituzten eta gelditzeko unea zela ikusi zuten. Ez zen, baina, entzuleek taldea ahazteko unea, ezta gutxiagorik ere. Duela 20 urte hasi zen ibilbidean, belaunaldi ezberdinak izan dituzte jarraitzaile. Taldea sortzen ezagutu zutenak, kontzertuen bidez ezagutu zituztenak eta jada oholtzatik kanpo zeudela beraien diskoak entzun eta jarraitzaile bilakatu zirenak. Belaunaldi ezberdinak ezaugarri amankomun bategaz: talde beraren jarraitzaile izatea eta beraien buelta datorrela jakitean, barrenak astindu zaizkiena.
Gelditzeko unea zela ikusi zuten, ez zen, ordea, entzuleek taldea ahazteko unea.
Taldekideek nabaritu izan dute nolabait taldeak bizirik jarraitu duela, ez dakite zein puntutaraino, aktibo zeuden garaietan ez baitziren talde masibo bat, baina inguruan, behintzat, seinaleak izan dituzte; tabernetara sartu eta beraien abestiak entzutea, bertsioak, bideo muntaketetan abestiak erabili izana eta herritarren hitzak. Nahitaez, horrek mugitu egiten zaitu: «Harro sentiarazten gaitu eta horrek ere bultzada ematen dizu». Sanchezek aipatzen duenez, belaunaldiaren arabera abestien aukeraketa desberdinak egiten dituzte, eta hori, bitxia izateaz gain, polita ere bada. «Kontzertuak ematen genituenean, Gaixorik dago mundua zen gehien eskatzen ziguten abestietako bat, eta, orain, gazteagoekin hitz egitean, Bizitzaile bezalako abestiak ikur izateak harritu egiten nau». Jarraitzaileen artean berdintasun eta ezberdintasunak edukitzeak taldearen izana aberasten du.
Bueltan datoz, eta gogotsu gainera.
Pandemia hasi baino lehenago erabaki zuen taldeak berriz ere entseguetara bueltatzea. Elkartu egin ziren, eta beraien arteko kimikak bizirik jarraitzen zuela ikustean, kontzertuak lotzen hasi ziren. Sei kontzertu lotu zituzten, baina etxeratzeak bertan behera utzi zuen guztia. Martxa hartuta zeuden jada, asteroko entseguak egiten zituzten, gogotsu zeuden, eta bat-batean, guztia gelditu zen. Geldialdi hori nahi baino gehiago luzatu zen, baina berriro zuzenekoak bueltatzen ari zirela ikustean, ez zuten segundo erdirik itxaron, eta lehen baino gogo handiagoagaz bueltatu zen taldea.
Talde modura elkartzea, elkarrekin sortzeko uneak izatea eta berriz ere abestiekin bat egitea «berezia» izan dela adierazi dute taldekideek. «Fresko gatoz, eta hori gure entsegu giroan nabaritzen da». Sanchezen esanetan, «berriz abestiekin topo egitea, eta egun duten ikuspuntu eta heldutasunarekin letrak irakurtzea eta interpretatzea ezberdina bezain polita da. Gainera, musikari moduan ere beste heldutasun bategaz bueltatu dira, hobeto interpretatzen dituzte abestiak.Une honetan zuzenekoak lantzen ari dira buru-belarri, eta horrek «beste lasaitasun bategaz gozatzeko aukera ematen dizu», baina beraien arteko uneetan sormenari bide ematen diotenean, gauzak sortzen dira, eta ez diote aterik ixten abesti berriren bat sortzeari.
Bueltan daude, eta orain da.
Zapatuan [apirilak 2] daukate lehenengo hitzordua, Berrizko Topa tabernan, 18:00etan. Hain zuzen ere, beraien lehen kontzertua eman zuten herria. Urduri daudela onartu dute eta, batez ere, kuriositate handiz, zer gertatuko den ikusteko, oholtzetara bueltatzeaz gain, jarraitzaileekin bat egiteko unea izango da eta. Ez bakarrik oholtzak uztean zituzten jarraitzaileak, urte hauetan lortu dituztenak ere batuko zaie, eta hor zer gertatuko jakiteko gogotsu daude. Une berezia izango da, jarraitzailea batzuek berriz Keike ikusteko aukera edukiko dute, beste batzuek, ostera, lehenengo aldiz beraien zuzeneko bat gozatzeko aukera edukiko dute. Belaunaldi ezberdinak eta betiko talde bat, taberna txiki batean bat egiten, edonola ere, berezia izango den une bat elkarrekin gozatzeko gogoz.
Lehenengoa izango da, baina ez da azkena izango. Kontzertu batzuk itxita dauzkate: apirilaren 23an Zumaian egongo dira, maiatzaren 6an Berriatuko sangregorioetan eta ekainaren 11n Elorrioko Gaztetxean.