Sarai Larrinaga laugarren geratu da 20 urte azpiko Espainiako disko txapelketan
Atleta etxebarritarrak 40 metro eta 93 zentimetrora arte jaurti zuen, podiuma eta domina 20 zentimetrora edukitu zituen.
Sarai Larrinaga bere kirol ibilbidean aurrerapausoak ematen jarraitzen du. Asteburuan [apirilak 2 eta 3] Castellonen (Valentzia) jokatutako neguko Espainiako jaurtiketa txapelketetan maila handia eman zuen. 20 urte azpiko diskoko finalean sartu zen eta dominetatik gertu geratu, 20 zentimetrora. Durango kirol taldeko atletak bere lehen jaurtiketan ezarri zuen marka: 40 metro eta 93 zentimetro. Hasiera bikaina izan bazen ere, hurrengo saiakeretan ez zuen zoria alde izan. Hurrengo hiru jaurtiketak baliogabekoak izan ziren, bosgarren saiakeran urrun geratu zen, 37 metro eta 12 zentimetro, eta azkena berriro nulua izan zen.
Gauzak horrela, atleta etxebarritarrak ezin izan zuen domina eskegi. Urrezkoa Raquel Villak jantzi zuen 44 metro eta 6 zentimetroko disko jaurtiketagaz, zilarrezkoa Judith Vaquerok 41 metro eta 67 zentimetrogaz eta brontzezkoa Itziar Rubiok 41 metro eta 13 zentimetrogaz, Sarai Larrinagak baino 20 zentimetro gehiagogaz besterik ez.