Txomin Juaristik Migel Indurain sari nagusiko mendiko maillota jantzi du
Euskaltel-Euskadiko txirrindulari markina-xemeindarra indartsuena izan zen aldapan gora zapatuan (apirilak 2)
Talde euskaldunaren denboraldiko lehen helburua handia zen Migel Indurain sari nagusia, eta ez zuten hutsik egin. Euskaltel-Euskadiko bi txirrindulari sartu ziren eguneko bederatzi txirrindulariko ihesaldian, tartean Txomin Juaristi markina-xemeindarra eta Mikel Bizkarra taldekidea. Helmugara heldu baino 30 kilometro lehenago irentsi zuen tropelak ihesaldia. Nafarroa hegoaldeko asteburuko elurteak direla eta, ibilbideko hiru mendate kendu behar izan zituzten antolatzaileek: Eraul, Girgillao, eta Lezaun.
Hala ere, errepidea aldapa gora jarri zenean Juaristi izan zen indartsuena, Iratxeko mendateko lehen bi igoeretan izan zen azkarrena, bakoitzean hiru puntu pilatu zituen markina-xemeindarrak. Nahiz eta nekearen ondorioz ezin izan zen onenen artean egon Iratxeko azken igoeran, aurretik eskuratutako puntuak nahikoak izan ziren Migel Indurain sari nagusiko mendiko maillota janzteko. Sei puntugaz gailendu zen, bigarren Aleksandr Vlasov errusiarra izan zen eta hirugarren Caja Ruraleko Jon Barrenetxea hiruna puntugaz.
Oro har, lasterketako irabazlea esprintean erabaki zen, eta Warren Barguil frantziarra izan zen indartsuena Estellako helmugan Aleksandr Vlasov eta Simon Clarken aurretik.