Ailegatu da 22. Korrika geurera
Euskal wikilarien kultura elkartearen eskutik sartu da 22. Korrikaren lekukoa Lea-Artibain eta Bedaronatik Ispasterrera joan da. Handik Lea-Artibai osoa zehazrkatu eta Mutrikuko mugetara 23:07ak aldera heltzea aurreikusten dute. Bihar [apirilak 8] lekuko guztien argazkiak argitaratuko dira webgunean.
Heldu da 22. Korrika eta gogoz hartu dute Lea-Artibaiko herritarrek. Urduritasuna, poztasuna eta emozioa nagusi izan dira gaur [apirilak 7] eskualdeko bide bazterretan Korrikaren zain, eta euskararen aldeko olatu erraldoiaren baitan sartuta, oraindik gehiago.
Lekukoa eraman behar duten batzuk goizetik ibili dira petoa jantzita, arratsalderako girotzen, Ondarroako lehen kilometroan lekukoa daramaten Kide kooperatibakoak edota Markina-Xemeingo Zelaian lekukoa hartuko duten San Roke Egoitzakoak besteak beste.
18:29an sartu da 22. Korrika Lea-Artibaira, Bedaronatik Ispasterrera igarota. 1840.kilometroa izan da eskualdeko lehenengoa, eta lekukoa hartzen lehenengoak Euskal wikilarien kultura elkartekoak. Ispastertik sartuta zeharkatuko ditu Lea-Artibai eta Mutriku arratsaldeko azken orduetan eta gauean. Mutrikuko azken lekukoa Atxukale Txirrindulari Taldeak eroango du Mutrikutik Debara bitartean; 1892. kilometroko azken taldea izango da.
Aurten, HITZAk ezin izan du AEKren furgonetan argazkiak ateratzen joan, aurrekoetan egin modura. Hortaz, argazki galeriak bihar [apirilak 8] argitaratuko dira webgunean. Gainera, martitzenean [apirilak 12], egunkari berezia kaleratuko du HITZAk. Gaurko [apirilak 7] bizipenak eta xehetasunak kontatu eta herriz-herriko argazkiekin osatuta joango da martitzeneko alea.