Atxondo kiroldegiko lanek aldaketak eragingo dituzte
Hobekuntza lan gehienak udan egingo ditu udalak eta eragina “ahalik eta txikiena” izatea nahi du.
Erabiltzaileen zerbitzu kalitatea hobetzeko asmo argiarekin, Markina-Xemeingo Udalak moldaketa handiak egingo ditu Atxondo kiroldegian. Lanak epe laburrean hasteko asmoak dituzte, lanik garrantzitsuenak eta handienak udan osatuko direlarik. Ekainaren 1ean hasiko dituzte lan nagusiak eta horrenbestez, kiroldegia itxita egongo da uda osoan, irailera arte. Udalaren helburua da lanek eragin “ahalik eta txikiena” izatea herritarrengan.
Aurretik, maiatzaren 15ean, lurreko ikastaroetako aldageletako hobekuntza lanekin hasiko dira. Beraz, jakinarazi dutenez, lanak amaitu bitartean, kiroldegiko eremu horretako erabiltzaileak ur-ekintzetako aldagelak erabili ahalko dituzte. Ur-txorroen gunea, berriz, uda osoan zabalik egongo da irailaren 1era arte, orduan hasiko baitira eremu horretako lanak.
Era berean, hobekuntza lanen eragina murrizteko udalak eta EmteSport enpresa kudeatzaileak zenbait neurri aurreikusi dituzte. Alde batetik, ekonomikoki kaltetutako abonatuak konpentsatzea, eta beste alde batetik, udako lanek irauten duten bitartean inguruko herrietako kiroldegietan alternatibak eskaintzea.