Giro handia Lea-Artibai eta Mutrikuko Korrika Txikietan
Irribarre eta alaitasunez, kaleak kolorez margoztu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikuko Korrikalari txikiek euskararen aldeko bideari ale bat gehituz.
Donostian amaituko den 2022ko Korrika nagusia heldu bitartean, Korrika Txikietan parte hartu dute Lea-Artibai eta Mutrikuko bizilagunek. Gaur [apirilak 7] goiz eta arratsalde egin dira Korrika Txikiak Lekeition, Ondarroan, Markina-Xemeinen, Berriatuan eta Mutrikun.
Eskualdera Korrika arratsalde, iluntze edo gauean helduko dela jakinda, etxeko txikienek egunez aprobetxatu dute 22. Korrikagaz bat egiteko. Herrietan Korrikaren inguruko jai girotsuez gozatu dute, eguraldia lagun izan dute eta horrek eragina eduki du giroan ere. Txikienen gogoak eta nagusien ilusioak uztartu dituzten Korrika Txikiak, urtero bezain koloretsu eta giro handikoak izan dira.
Lekeitiarrak izan dira lekuko txikia hartzen lehenengoak. Gogoz hartu dute Lekeitioko herritarrek Korrika txikia. Eguna lagun izan dute eta Korrikarako motorrak eta giharrak berotzeko aukera ezin hobea izan dute. Mandaskatik irten dira 11:00etan eta ziztu bizian osatu dute herriko kaleetako ibilbidea, gogo asko zituzten. Plazan ekitaldi nagusia osatu dute hitzaldiagaz, bertsoekin eta abestiko koreogafiagaz.
Markina-Xemeingo Berakruz Ikastolakoek ere pozik egin dute aringa-aringa herriko kaleetan zehar. 15:30ean hasi dute Korrika Txikia. Traktore batek bidea zabaldu die herriko txikienei musika eta kantu artean. Ikasle zein irakasleek artean eskuz esku igaro da testigua eta azkenik, herriko txikienek hartu dute testigua, amaiera emanez ibilbideari.
Ondarroako txikienek Kamiñazpiko geltokian eman diote hasiera Korrika Txikiari, herriko kaleak igaro dituzte jai giroan, erraldoi eta buruhandiek ere bat egin dute beraiekin eta guztiak batera korrika eginez heldu dira Musika Plazara. Amaierako jai erraldoian, herritar asko hurbildu dira, ikasle, irakasle, guraso zein herritarrak kolorez jantzi dute jai giro paregabean herriko plaza.
Mutrikun ere ospatu da Korrika Txikia, eguerdian hasi da eta giro paregabean osatu dute ibilbidea herriko txikienek.