"Jendeak bereziki gogotsu hartu du aurtengo Korrika"
Lea-Artibaiko AEK-ko arduraduna den Txomin L. Aramaiok 22.Korrikari buruzko hitz batzuk eskaini ditu.
Urtebeteko atzerapenagaz heldu da 22. Korrika. Jendeak gogo bereziagaz hartu du aurtengo hitzordua?
Sentsazio hori izan dut, jendeak bereziki gogotsu hartu duela aurtengo Korrika. Gogotsu eta baita urduritasunez ere. Adibidez, azken asterako Bizkaia osoan petoak agortuta zeuden, datu esanguratsua da hori. Hortaz, bai, urtebeteko atzerapena nabaritu dugu, gogoz hartu duelako jendeak korrika.
Ohi bezala, kale eta errepideak bete dituzte Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrek.
Zorionez gure eskualdean beti egoten da jendea, eta aurten ere horrela izan da. Gainera egun eta ordu egokiak izan ditugunez, bereziki jendetsua izan da. Normala da herri barrualdeetan jende asko biltzea, baina aurten kanpoaldeak ere oso jendetsuak izan dira. Ondarroaren kasuan, herritar asko abiatu ziren Errenteriatik herrira, ibilbide osoa eginez. Bestalde, antzeko zerbait gertatu zen Lekeition ere. Eskualdeko herritarrek gogoz hartu dute Korrika, behar genuen denok parte hartzen dugun ekimenen bat, igaro dugun egoeraren ondoren. Korrika ekimen amankomuna izanik, bat egin dugu guztiok.
Parte hartze aldetik jendetsuenetakoa izan al da?
Datu zehatzik ez daukat, baina sentsazio orokorra izan da, bai. Antolakuntzatik prestakuntza lanetan hasi ginenean kezkatuta geunden, adibidez, lekuko eramaleei dagokionez. Krisiaren ostean kilometro gutxiago salduko genituela uste genuen, normala izango litzatekeen bezala, baina harrigarria den arren, alderantziz gertatu da, gehiago saldu ditugu kasu askotan, Ondarroan adibidez, normalean baino gehiago egon dira.
Orokorrean, zertan nabarmendu da 22. Korrika?
Parte hartzeko gogoa da nabarmenduko nuena, aspaldi ez genuela ekimen jendetsuetan parte hartzen, eta Korrika denona den zerbait izanik, azken asteetan gogo hori kaleetan nabaritu egin da, eta Korrika igaro zenean berretsi egin zen.
Euskal Herritik haratago heltzen da euskararen aldeko lasterketa. Aurten, adibidez, Madrilgo Chamberi barrutian egitea debekatu dute.
Madrilekoa faena bat izan da. Beti egiten dira munduko leku ezberdinetan Korrikaren antzeko ekimenak, nolabaiteko keinuak Korrikari, eta aurten jakin dugunez Ondarrutarrek parte hartu dute hiriburu batzuetan, adibidez, Bartzelonan, Valentzian eta New York-en.
Korrikak euskaldunoi barrenak mugitzen dizkigu. Leloari jarraituz, uste duzue jendeak hitzetatik ekintzetarako jauzia emango duela?
Espero dut horrela izatea. Euskararena ez litzateke korrikak irauten duen egunetara mugatu behar, Korrika bukatzean ere jarraitu egin beharko luke, eta jauzi hori eman behar dugu. Eragile batzuk konpromisua hartzen dute euskara lehen lerroan jarri eta erabilerari indarra emateko eta hori da helburua, hori da lortu behar duguna denon artean.
Egungo osasun egoera tarteko, aurrekoetan baino zailtasun gehiago izan dituzue Korrika 22 antolatzeko?
Zailtasunak baino gehiago kezkak izan genituen antolatzen hasi ginenean, ez genekielako zer utziko ziguten egiten eta nola. Hiru probintziak, Nafarroa eta Iparraldea zeharkatzen ditugu, eta batez ere iparraldearekin genituen kezkak. Bagenekien Korrika egingo genuela, baina ez nola edota zein neurrirekin.