Atxondo Kiroldegiko kreditu aldaketak onartu ditu Markina-Xemeingo Udalak
Ahoz batez onartu zituzten astelehenean [apirilak 11] ez ohizko eta urgentziazko Osoko Bilkuran.
Astelehenean [apirilak 11] batu zen ez ohizko eta urgentziazko Osoko Bilkuran Markina-Xemeingo Udala, eta Atxondo Kiroldegiko lanentzako kreditu aldaketak onartu zituzten. Udalak aldagelen eta inguratzailearen obrak lizitaziora atera ditu, baita aldagelako lanak esleitu ere.
Udalbatzak hainbat kreditu aldaketa onartu zituen aho batez. Kiroldegi barruko lanetarako azkenean 322.965 euro bideratuko dituzte. Horrez gain, badira diru laguntza batzuk aurten gauzatuko direnak. Aranzetako bideko 36.125,76 euro, MARKArte 2021eko 3.224,56 euro eta Harrera Gidako 3.762,47 euro.
Hobekuntza lanak aurrera eramateko diru iturri ezberdinak erabiliko dituzte. Alde batetik, 1.692.000 euroko diru mailegua, beste alde batetik, aldageletarako Bizkaiko Foru Aldundiaren 322.965 euroko diru laguntza, eta azkenik, kiroldegiko inguratzailerako BFAren “herriak egiten” diru-funtsako 345.000 euro. Hau da, guztira 2.359.965 euro.
Horrenbestez, Markina-Xemeingo Udaleko gerakin orokorra 1.720.249,18 eurokoa da eta 2022. urterako aurrekontua 9.589.042,43 eurora arte igo da.