Emakumezko pilotan bidea hasi zutenei omenaldia, Ispasterren
M8aren testuinguruaren barruan inauguratu zuten, Ispasterren, Emakumea eta Euskal Pilota erakusketa, eta apirilaren 23ra arte ikusgai egongo da Iñigo Egiluz udal aretoan, asteburuetan eta dohainik.
Ispasterko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiagaz elkarlanean, Emakumea eta Euskal Pilota izeneko erakusketa antolatu du, eta herriko Iñigo Egiluz udal aretoan dago ikusgai. Erakusketa horregaz, Ispasterko Udalak urrats bat egin du aurrera genero arteko berdintasunerako borrokan eta, bereziki, emakumezko kirolarien testuinguruan. Udaleko kultur zinegotzi Eskarne Gogenolak azaldutakoaren arabera, emakumeak euskal pilotan izan duen presentzia gogoan izatea eta emakumezko pilotariei “merezi duten omenaldia” egitea da erakusketaren jomuga. Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiko Ibiltari izeneko erakusketa programaren bitartez kudeatu zuten, eta aurtengo M8an inauguratu zuten; ordutik apirilaren 23ra arte, astebururo ikusgai izan eta izango da, gai horren ingurukoak ezagutu gura dituzten denentzat, doako sarreragaz. Bisita horietara, gainera, aukera dago Gernika-Lumoko Bakearen Museoko lantaldekoek gida beharrak egiteko eta, horrenbestez, gaiaren inguruko informazio osatuagoa jasotzeko.
Gogenolak adierazi du erakusketaren oinarria pilotaren munduan estreinakoz murgildu ziren emakumeak dira. Horietako hamalauk, gizonezko enpresaburu baten eskutik, emakumezkoentzako lehendabiziko pilotalekua zabaldu zuen Madrilen; jarraian etorri ziren Bilboko, Donostiko eta Bartzelonako emakume frontoiak, Madrilgoak hauspotuta. Erakusketa begi onez hartu dute ispastertarrek, Gogenolaren arabera: “M8an, inauguratu genuenean, herritarrek interesa eta kuriositatea erakutsi zituzten bai erakusketarekiko, bai gaiarekiko; osteko asteburuetan, baina, bisita kopuruak behera egin du, eta Aste Santuko oporretan berriro ere gorakada izatea espero dugu”.
Emakumea eta Euskal Pilota hainbat eta hainbat testigantzaren, esperientziaren eta langairen artean osatutako katramila da. Emakumezko erraketistek, hamarkadaz hamarkada, erabilitako jantzien ereduak ageri dira, Mercedes de Miguel diseinatzaileak eginiko pilotarien bilakaera kronologikoagaz batera. Lehen emakume frontoien mapak eta zabalkunde geografikoa erakusten dituzten agiriak ere badaude. Halaber, orduko materiala [pilota arin eta biziak; egurrezko erraketak, lan kontratuak…] eta hainbat sasoitako erraketistarik ospetsuenen gaineko informazioa ere baditu erakusketak, besteak beste, Agustina Otaola, Emili Gomez, Rosa Soroa, Eladia Altuna, eta abar. Erakusketaren azken atalean, ikus-entzunezko formatukoan, emakume pilotarien testigantzak biltzen dituzten bideo zatiak batuta erakusten dituzte, eta orduko emakumezko kirolariek “enpresaburuen eskutik pairatzen zituzten injustizien erakusleak” dira bideo horiek.