Kalamendira irteera antolatu du Artibai Mendigoizale Taldeak
Apirilaren 24an igoko dira mendira Berriatuko plaza hasiera eta amaiera tokia izanik.
Aste Santuko oporrak baliatuz, Artibai Mendigoizale Taldeak Markina-Xemeingo eskola kirolagaz elkarlanean, familientzako irteera antolatu du. Apirilaren 24an 11:00etan da hitzordua Berriatuko plazan, bertatik irtengo dira Kalamendi mendirantz eta hasiera puntura itzuli. Ibilbideari dagokionez, adin guztientzakoa da, 7 kilometrokoa da, 300 metroko desnibel positiboagaz eta guztira bi ordu eta erdiko iraupena izatea aurreikusi dute.
Antolatzaileek zenbait ohar eman dituzte aditzera. Ez dute autobusik antolatuko, hau da, familia edo talde bakoitza bere garraioan mugitu beharko da Berriatuko plazaraino. Bide berdinetik, bakoitzak bere jan eta edanen ardura izango du, antolatzaileek ez baitute jan-edanik eskainiko. Jakinarazi dutenez, “parte hartzaileek izan dezaketen edozein istripuen aurrean edo sor diezazkieketen kalteen aurrean antolatzaileek ez dute inolako erantzukizunik”. Era berean, aldez aurretik www.labur.eus/kalamendi webgunean izena ematea gomendatu dute, interesa duten guztiei ezer jakinarazi behar bazaie antolatzaileek kontakturako modua izan dezaten.