Munitibarko aire erasoaren 85. urteurrenean omenaldia egingo dute
Munitibarko Udalak eta Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak apirilaren 26rako antolatu dituzte ekintzak herriko plazan.
Apirilaren 26an 85 urte beteko dira Munitibarko aire erasotik, eta egun horretan gertatutakoa oroitzeko eta hildakoak omentzeko ekitaldia antolatu du Munitibarko Udalak Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteagaz elkarlanean. 18:30ean da hitzordua herriko plazan, lehendabizi, ekitaldia egingo dute, eta gero, lore eskaintza.
Elkarteak hainbat urte daramatza herrian duela 85 urte gertatutakoa bertatik bertara ezagutzeko elkarrizketak egiten. “Ordura arte, gutxi edo ezer ez zen hitz egin gure herriaren aurka 1937ko apirilaren 26an matxinoek burututako aire erasoaz, eta are gutxiago erasoak eragindako biktimen inguruan”, adierazi dute. Guztira, lehen pertsonan bizi izan zuten 34 pertsonekin hitz egin dute, horrela belaunaldi berriek gertatutakoaren informazioa jaso ahalko dute.