Andra Martxia antolatu du Lekeitioko Mugimendu Feministak
Aurretiazko izen ematea amaitutzat eman dute, baina apirilaren 30ean ere aukera egongo da, baina oparirik gabe.
Lekeitioko Mugimendu Feministak Andra Martxia antolatu du zapaturako eta izena emateko epea bihar amaituko da. Antolatzaileek aurretiazko izen ematea gaur [apirilak 25] eman dute amaitutzat. Parte hartzeko eskubideaz gain, antolatzaileek kantinplora bat banatuko diete izena ematen dutenei. Martxaren egunean bertan izena emateko aukera egongo da hiru euroren truke, baina kasu honetan ez dute oparirik banatuko.
Martxa antolatzen den lehen aldia da eta orain arte harrera oso ona izan du Lekeitioko eta inguruko herrietako emakumeengan. Dagoeneko ia 100 emakumek eman dute izena, “gure aurreikuspen denak goitik behera aldatu dira eta ondo joan ez gero, errepikatu nahi dugun ekimena da”. “Helburua da emakumeak elkartzeko espazio bat sortzea, martxaren bidez goiz osoan elkartuko gara kirola egiten dugun bitartean”, adierazi dute. Ondarroako Etxe Lilak ere antzeko ekimenak antolatu ohi ditu eta hauek hartu dituzte eredu. Mugimendu Feministak hilero ekimen bat antolatu nahi du.
Andra Martxiak bi ibilbide izango ditu aukeran. Alde batetik, ibilbide laburra dago, 10 kilometrokoa , Andra Etxetik irtengo da 10:00etan Talaia, Artika auzoa eta kurtzea zeharkatu ostean irteera puntura itzuliko dira. Beste alde batetik, ibilbide luzea 18 kilometrokoa da eta parte hartzaileak 08:30ean irtengo dira eta, besteak beste, Otoio mendia igoko dute, Ispaster zeharkatuko dute eta Andra Etxian emango diote amaiera. Antolatzaileek 12:00etan inguru, denak heltzen direnean, krutzean jan eta dana banatuko diete parte hartzaileei eta elkarrekin jaitsiko dira herrira.