Azken urtean 27.560 kg pneumatiko bildu dira Debabarrenako garbiguneetan
Mankomunitateak Mutrikun, Ermuan, Eibarren eta Elgoibarren dauden garbiguneen bidez, erabiltzen ez diren eta ibilgailuen tailerretan jasotzen ez diren pneumatikoen kudeaketa zerbitzua eskaintzen du.
Azken urtean 27.560 kg pneumatiko bildu dira eskualdeko garbiguneetan eta Mankomunitatean Desguaces Lezo enpresari esleitu dio jasotako pneumatikoen birziklapenaren kudeaketa.
Debabarrenako Mankomunitatean erabiltzen ez diren pneumatikoak eskualdean dauden lau garbiguneetan jasotzeko zerbitzua eskaintzen du, tartean Mutrikukoa. Erabiltzaile bakoitzeko bost pneumatiko uzteko mugarekin. 1.400 mm-tik beherako diametroko motorren, autoen eta furgoneten pneumatikoak utzi daitezke, betiere, haguneengandik eta zati metalikoengandik bereizita, Debabarrenako HHSak kudeatzeko ordenantzaren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Azken urteotan, garbiguneetan pneumatiko kopuru handia bildu da: 2018an 33.600 kg, 2019an 26.680 kg, 2020an 28.860 kg eta, azken urtean, 2021ean 27.560 kg.
Jasotzen diren pneumatikoak birziklatzeko, Gobernu Batzordeak martxoaren 30ean onartu zuen garbiguneetan biltzen diren pneumatikoen birziklapena kudeatzeko zerbitzua Desguaces Lezo enpresari esleitzea bi urtez, 14.520 euroko prezioan, 242 euro enpresa esleipendunak kudeatutako tona bakoitzeko.
Arau-hauste larria edo oso larria. Oraindik ere badaude erabiltzen ez diren pneumatikoak garbiguneen kanpoaldean edo zirkulazio gutxiko errepideen ondoan uzten dituztenak, eta Mankomunitatetik gogorarazi dutenez, “pneumatikoak gune horietan uztea arau-hauste larri edo oso larri gisa tipifikatutako dago, ingurumenari kalte egin zaion ala ez kontuan hartuta. 600 ero eta 45.000 euro bitarteko isuna ekar dezake”.
Hori horrela izanik, Mankomunitateak herritarrei eskatu die erabiltzen ez dituzten pneumatikoak izanez gero, garbiguneetan utz ditzatela, ingurumenean kalterik ez eragiteko eta birziklatu ahal izateko.