Markina-Xemeingo 56. ibilaldi neurtua antolatu du Artibai Mendigoizale Elkarteak
Ibilbide bi izango dira aukeran domekan [maiatzak 1], 25 kilometroko luzea eta 10 kilometroko laburra.
Artibai Mendigoizale Elkarteak Markina-Xemeingo Udalagaz batera antolatu du beste behin ibilaldi neurtua. Domekan jarri dute hitzordua ibilaldiaren 56. ospakizunerako. Jakinarazi dutenez, izen ematea egunean bertan egingo da eta doakoa izango da. Era berean, ibilbide guztia seinalizatuta egongo da.
Antolatzaileek bi ibilbide antolatu dituzte parte hartzaileek nahieran aukeratu ahal izateko. Alde batetik, hamar kilometroko ibilbide laburra prestatu dute 300 metroko desnibel positiboagaz eta hiru orduko iraupena izatea aurreikusten dute. Irteera autobus geltokitik izango da 9:30ean eta izen ematea 9:00etan hasiko da geltokian bertan. Hasi bezain laster Trabakua eta Mendibil igo beharko dituzte parte hartzaileek, gero Zekendixo eta Otalarrera jaitsiko dira Markina-Xemeinera itzuli aurretik.
Beste alde batetik, ibilbide luzea 25 kilometro luze ditu eta 1300 metroko desnibel positiboa. Irteera 7:30etan dago jarrita, izen ematea, berriz, ordu erdi lehenago Arkupe parean. Ibilaldiak sei orduko izango du. Partehartzaileek Erlatz eta Arrixako igoerak osatu ostean Maax-Kalamua mendia gainditu beharko dute. Gero, behin 700 metroko altuera hartuta, Akondia, Ixua eta Urko ere zeharkatuko dituzte. Pixkanaka Markina-Xemeinerako bidea hartuko dute ibilaldi laburrak bezala Mendibil, Zekendixo Otalarretik.
Antolatzaileek eskatu dute uneoro “ingurua errespetatzea eta garbi mantentzea”. Horrez gain, ibilaldiaren amaieran bertoko produktuen azoka antolatu dute.