Zorion Kareaga eta Gaizka Ansola Euskadiko duatloiko txapeldun izendatu dira
Kareaga V1 mailan izan da eta Ansola 23 urte azpikoetan. Beteranoen maila berean Ioana Osa ondarrutarra azpitxapeldun izan da
Lea-Artibaiko kirolariek emaitza bikainak lortu dituzte atzo [apirilak 24] Zuian jokatutako Euskadiko duatloi txapelketetan. Parte hartzaileek 15 kilometro egin behar izan zituzten lehendabizi korrika, gero 70 bizikleta gainean eta amaitzeko beste zazpi berriro ere korrika.
Gizonezkoetan Lekeitioko Amandarri triatloi taldeak emaitza bikainak lortu zituen. Lehen hamar sailkatuen artean taldeko bi sartu ziren, lasterketa Gonzalo Fuentesek irabazi zuen hiru ordu, zortzi minutu eta 31 segundoko denboragaz. Haritz Garate lekeitiarra bosgarren helmugaratu zen irabazlea baino hamahiru minutu eta 43 segundo beranduago. Bere atzetik sartu zen Gaizka Ansola taldekide markina-xemeindarra 17 minutu eta sei segundora. Ansola 23 urte azpiko Euskadiko Txapeldun izendatu zen.
Zorion Kareaga 11. denborarik onena lortu zuen Fuentesek baino 20 minutu eta 20 segundo gehiago behar izan zituen ibilbidea osatzeko. 03:28:51ko denboragaz Kareaga Euskadiko txapeldun izendatu zen V1 mailan, hau da, 40 eta 49 urte bitartekoen artean. Hori gutxi ez eta bere 11. postuarekin Amandarri Euskadiko azpitxapeldun izendatu zen taldeka. Horrez gain, Alejandro Astaburuaga 18. heldu zen 24 minutu eta 26 segundora, Aitor Regillaga 21. 24 minutu eta 53 segundora eta Mikel Goitisolo 29. 28 minutu eta 24 segundora.
Ondarruko Koaxi Triatloi taldeak ez zuen hainbesteko zorterik izan gizonezkoetan. Txomin Bustinduik eta Andoni Valenciak arazo mekanikoak izan zituzten frogan, bigarrenak bakarrik amaitu ahal izan zuen lasterketa. Valencia 178. postuan helmugaratu zen, txapelduna baino ordu bat, 25 minutu eta zortzi segundo eta gero.
Emakumezkoetan, berriz, emaitzak oso bestelakoak izan ziren ondarrutarrentzat. Ioana Osa laugarren denborarik onena lortu zuen, Enara Oronoz txapeldunetik 20 minutu eta 34 segundora, baina azpitxapelduna izan da Euskadiko txapelketako beteranoen lehen mailan bere kirol ibilbiderako beste lorpen handi bat.