"ADEL herri oso bat astebetez zeharo maitemintzeko gai da"
ADELen balorazio "oso positiboa" egin dute antolatzaileek, bai ikuskizunei, bai antzerki tailerrei dagokienez. Eguena eta barikua izan dira egunik jendetsuenak.
Apirilaren 18tik 23ra bitartean, antzerkiak Aulestiko kale, frontoi eta bazterrak bahitu ditu. Izan ere, beste urte batez, Artedramak ADEL (Arte Drama Euskal Laborategia) astea ospatu du Lea-Artibaiko udalerrian. Aurtengo ADEL ertz bitan ardaztuta egon da: batetik, astelehenetik barikura artean, jendez aurreko ikuskizunak izan dituzte aulestiarrek eta bertara hurreraturiko guztiek; bestetik, Artedramaren ikastaro edo antzerki laborategietan parte hartu dute zenbait ikaslek. Ander Lipus aktore, zuzendari eta ekoizle markina-xemeindarra da, besteak beste, ADELen antolakuntza eta kudeaketa lanetan ibili den kideetako bat. Era berean, Lipus antzerki tailerretan irakasle ere ibili da. Oro har, balorazio “oso positiboa” egin du 2022ko edizioari dagokionez: “Benetan pozarren eta asebeteta gaude egindako lanaz eta lortutako guztiaz; astelehenean hasita, egunez egun ikusle gorakada igarri dugu eta, batez ere, gorakada hori zinez begibistakoa izan da bai egueneko, bai barikuko ikuskizunetan”.
Programazioak, aurten, aste osoan zehar izan diren euriteei eta eguraldi petralari aurre egin behar izan die, baina, Lipusen arabera, aurtengo ediziora begira harturiko erabaki batek esangura itzela izan du: “Iaz udal aretotik frontoira aldatu genuen agertokia, edukiera eta osasun kontuak tarteko; aurten erabaki dugu ikuskizun denak, modu egonkorrean, frontoian egitea, eta erabaki hori zeharo biribila izan da, jende mordoa hurreratu baita eta aurrerapauso bat suposatu baitu ADELentzat”.
ADEL eskola batzuk eta egitarau bat baino “pila bat gehiago” dela nabarmendu du Lipusek. Izan ere, astebetez Aulesti osoari eragiten dion gertakizuna da: “Herriko jendea oso pozarren agertzen zaigu, herrian bisitariak eta, oro har, mugimendua zein bizitasuna ikusita; ikusleak eurak ere aseta igarri ditugu, eskainitako ikuskizun egitarauagaz; eta antzerki tailerrak, beste urte batez, benetan arrakastatsuak izan dira”.
Aulestiko herritarrek laguntza handia eman diete ADELeko lantaldeko kideei
Era berean, Lipusek Aulestiri darion “antzerki usaina” azpimarratu du, batik bat, ikusleen ikuspuntutik abiatuz. “Ikusleek antzerki kultura handia dute: komedia bat ikustean, oso barnetik egiten dute irri; tragedien kasuan, ostera, jesarlekuak isiltasun oso benetako eta oso konplize batek hartzen ditu; oro har, Aulesti ez da edozelako plaza bat”. Halaber, Aulestiko eragileen esku hartzea ere ahotan du Markina-Xemeingoak: “Aulestiko Udalak frontoia eta bertako azpiegitura guztiak erabiltzea ahalbidetu digu; Lea espazioak tailerrak egiteko tokia eman digu; Ilunzar tabernak doako afariak eman dizkie ADELeko partaideei; eta gaztetxekoek ere babesa eman diote jaialdiari. Auzolana jardunaldi horietako ezaugarri nagusietako bat da, eta Aulestik lehen unetik azkenengora arte bikain erantzun du”.
Egitarau arrakastatsua. Lipus “zoriontsu” agertu da programazioaz eta bertan parte hartu duten kideen ekarpenez itaunduta. Jendez aurreko egitarauan parte hartutako hainbat (Edurne Azkarate, Laura Penagos, Jon Ander Urresti…), gainera, eskoletako irakasle gisa ere ibili dira. Aurtengo egitarauak estreinaldirik eduki ez arren, Lipusek adierazi du ikuskizunak “oso anitzak” izan direla hala tematika aldetik, nola tratamenduari dagokionez. Astelehenan, hilaren 18an, Jon Ander Urrestik abiatu zuen egitaraua. Tribiz, baserri galdue obragaz, baserriaren inguruko “adiera berriak” eman zituen, Aulesti moduko landa giroko udalerri batean aurkezteko “egoki askoak”. Martitzenean, Birritan bortxatuak-ek ikusleen hausnarketa piztu zuen, “genero ikuspegiari helduta”, argitu du Lipusek. Winona & Grace lanetik, erakutsitako eszenaratzea nabarmentzen du Lipusek.
Zapatuan espero zutena baino jende gutxixeago hurreratu zen frontoira
Eguenean eta barikuan jo zuten goia. Egueneko Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi-k eta Album-ek “ikusle ugari” erakarri zituen, Lipusen arabera, baina zapatuan kopuruak behera egin zuen. Audientziaren beherakada horren gainean galdetu, eta markina-xemeindarrak ez du erantzun zehatzik: “Beharbada, zapatua izanda, gazteenek beste plan batzuk zituzten; datorren egitaraurako aztertu beharreko kontua da hori”. Antzerki tailerrak ere, beste urte batez, guztiz arrakastatsuak izan dira. Hain zuzen, izen ematea publiko egin bezain pronto, Euskal Herriko txoko guztietako jendea apuntatu zen. Tailerretan landutakoekin “ezin pozago” agertu da Lipus: “Antolatzaile eta irakasle bezala, zorionez betetzen nau ikasleek zein irakasleek zenbat gozatu duten ikusteak; gainera, dinamikak ez dira batere astunak egin, ikasleek ikuspuntu aberasgarriak planteatu dituzte, eta beren etorkizunari buruz gomendio egiteko parada izan dugu, bakoitzaren kezkak oinarri hartuta”.
Datorren urteko edizioari begira, Lipusek, dagoeneko, baditu ideiak buruan bueltaka, eta, lantaldeagaz batera, berriro beharrari ekiteko prest dago. Aitortu duenez, “ez da batere erraza” Euskal Herrian antzerki jaialdi bat aurrera ateratzea: “Aulesti ez da ez Bilbo, ez Donostia; beraz, ezin ditugu giro horiek eredu izan. Hori bai, Aulestik gune handiek ez duten xarma eta hurbiltasuna ditu, eta ADEL herri oso bat astebetez zeharo maitemintzeko gai da”.