Markina-Xemeingo EH Bilduk udalgintza herrigilearen inguruko hitzaldia antolatu du
“Herria egiteko beste modu bat” dagoela aldarrikatuz, zapatuan [apirilak 30] 10:00etan jarri dute hitzordua Uhagonen
Markina-Xemeingo EH Bildu partaidetzan oinarritzen diren herria egiteko eta kudeatzeko beste eredu batzuk daudela erakutsi nahi du eta udalgintza herrigilea da, hain zuzen ere, eredu horietako bat, “udala eta herri eragileak hartu emanean, bakoitza dagokion arduratik eta herritarrek dituzten beharretatik abiatutakoa”.
“Badaude alternatibak, eta Markina-Xemeinen ere horiek erein eta loratzen hasteko ordua iritsi da”, adierazi dute. Horretarako, herritarren aurrean eredu honen oinarriak aurkezteko, hitzaldia antolatu dute zapatuan [apirilak 30] 10:00etatik aurrera Uhagon kulturgunean. Alderdi politiko kideez gain, Gipuzkoako Oñati eta Hernani herrietako bizilagunak gonbidatu dituzte haien lehen pertsonako esperientzia konta dezaten. Hitzaldian parte hartzeko gonbita luzatu nahi izan diete herritar guztiei.
Markina-Xemeingo EH Bildu nolako herria nahi eta behar duten inguruan hausnartzen ari da: “Komunitate bera osatzen dugula abiapuntutzat hartuta, guztion ongizatea bermatuko duten politika publikoak abian jartzea ezinbestekoa dela deritzogu. Guzti hori ahalbidetzeko, politika herritarrekin batera lan eginez gauzatu beharra dago”.