Mutrikuko dikearen luzapena eztabaidan
Dikearen luzapenak ekar ditzakeen eragina aurreikusita, Mutriku Natur Taldeak errekurtso bat jarri du lanen aurka.
Eusko Jaurlaritzak 2002an hasi zuen Mutrikuko babes dikea eraikitzeko tramitazio lanak , eta lanak 2010ean gelditu zirenetik, ez da berriz 100 metroak egiteko lanekin berriz hasteko urratsik egin. Hamar urte geroago, hain zuzen ere, 2022ko urtarrilean, Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzak Mutrikuko portuko babes dikearen luzapena aurrera ateratzeko lizitazioa eman zuen. 18,9 milioi euro jarri ditu lanak aurrera eramateko, portuko sarbidea hobetzea eta agitazio baldintza egokiak lortzeko helburua mahai-gaineratu ostean.
Aipatzekoa da, jada 2005eko ekainaren 20an esleitu zirela Portuko sarrera hobetzeko izendatutako obrak aurrera eramateko deialdia. Uzteak enpresari esleitu zitzaion betebeharra, 20 milioiko aurrekontua eta 25 hilabeteko epearekin. Ondoren, 2006ko urriaren 19an moldaketak egin zitzaizkion proiektuari oleomotrizak planta dikearen kanpoaldean kokatzeko, eta legean baimentzen duen neurrian, %20ko igoera izan zuen esleitutako obrak, baina obra horiek ez ziren osotasunean bukatu. Orain berriz atera da obra horiek egiteko, edo bukatzeko, lizitazioa.
Mutrikuko Natur Taldeko Rafa Perezen esanetan, ordea, beharrezko ingurumen azterketan egin gabe hasi nahi dituzte lanak, hori dela eta, kontratazio espedientea berraztertzeko errekurtso bat aurkeztu zuten martxoan, lanak geratzeko asmoz. Baina epez kanpo egitea egotzita, atzera bota diote errekurtsoa. Jaurlaritzak Euskadiren Susperraldirako eta Erresilientziarako Programa 2021-2026 txostenean aipatu zuen lehenik obra, eta ostean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2022rako ekinbide nagusien zerrendan. Perezen esanetan, “ezkutuan jokatu du Jaurlaritzak”, herritarren parte hartzea eragotziz, beraien helburu propioekin lanak aurrera ateratze aldera. Natur Taldekoek oso argi baitute Jaurlaritzak helburu argi batekin hasi dituela berriz obrak, “kirol portua handitzea eta bostehun amarradura berri ezartzea”. Proiektua abiatu zenean, arrantza babesteko neurri bat bezala saldu zen arren, gaur egungo obraren jarraipena “etxe agentziek jendea etxeak erostera bultzatzeko tresna guzti honen atzean dagoen kirol portua da”.
Lehen oztopoak ezagututa Natur Taldekoek ez dute gelditzeko asmorik, adjudikazioa gauzatzeko bidean egonik, urratsak emango dituztela ziurtatu dute. Kritika nagusia, proiektuaren ingurumen azterketa ez egitea da, duela hogei urte hasitako proiektu baten jarraipena izanik, egungo ingurumen legeen pean eginiko azterketa bat beharrezkoa dela diote, lanek eta eraikuntzak bere osotasunean izan dezaketen inpaktua zehazteko.
Perezen esanetan, “dikearen eraikuntzak inguruko hondartza eta labarren eraldatzea ekarri du, ondorio kaltegarriak eraginez, Burumendiko mendi hegalean adibidez, erosioa modu esanguratsuan areagotu da”. Hortaz, jada egindako lanek sortutako eragina ikusita, aurreikusi daitezke jarraipen honek izan ditzakeen arazoak, eta mahai gainean jarri behar dira. Dikearen luzatzeak, olatuen ibilbidea aldatzea ekar ditzakeela aipatu du, eta horrek kostako bidean izan dezake eragina. Horrez gain, itsaso txarrarekin porturatzea zailduko litzatekeela aipatu du, eta baita, portu barruko ura berritzea zaildu ere.
Hortaz, Natur Taldeak aurrera jarraituko du salaketarekin, herria babesteko asmoz, ingurumen azterketak egiteaz gain, herritarren iritzia kontuan hartzea beharrezkoa ikusten baitute. Herriak horren aurrean esateko duena eta nahi duena entzutea, kanpo interesak lehenetsi barik.