Leartikerrek giza ehun bioartifiziala sortzeko gai den 3D inprimaketako gailu bat garatuko du
Markina-Xemeingo zentro teknologikoa Nafarroako Unibertsitateak zuzentzen duen Cardioprint proiektuaren parte da beste bost bazkiderekin.
Kardiopatia iskemikoa da heriotza-kausa nagusia Europar Batasunean, eta, horregatik, erakundeak ahalegin handiak egiten dira gaixotasun horrentzako konponbideak bilatzen. Medikuntza birsortzaileak, terapia zelularrak eta bihotz-ehunaren ingeniaritzak arrakastarik gabeko emaitzak eman dituzte tamaina handiko animalia-ereduetan edo giza eskalan, eta hortik sortu da horrelako proiektu bat sortzeko beharra.
Urtarrilean Iruñean egin zuten aurkezpena, Nafarroako Unibertsitatearen gidaritzapean dagoen proiektua da. Horrez gain, sei bazkidek dihardute lanean: Leartiker, Zaragozako Unibertsitatea, Kataluinako Bioingeniaritza Unibertsitatea, CIC nanoGUNE elkartea, Nadetech Innovations eta Gregorio Marañon Ospitaleko Ikerketa Biomedikorako Fundazioa. CardioPrint proiektua Europar Batasuna-NextGenerationEU-k finantzatzen du, Estatuko Ikerketa Agentziaren (AEI) bidez.
CardioPrint proiektuak 3D inprimaketaren, biomaterialen eta zelula amen azken berrikuntzen garapena uztartzen ditu. Helburu nagusia da biofabrikazioaren alorrean aurrera egitea, giza eskalan bihotzeko ehun terapeutikoak sortzeko gai den fabrikazio gehigarriko teknologia multifuntzional berri bat garatuz.
Ehun horiek sortzeko, Leartikerrek modelatu konputazionalaren bidez inprimatuko diren hidrogel kardio-mimetikoak garatuko ditu, inprimatu beharreko egitura diseinatzeko helburuarekin. Markina-Xemeingo zentro teknologikoak bioerreaktore baten diseinuan eta garapenean ere lan egingo du. Bertan, bihotzeko ehunak onduko dira txerri-bihotzera transplantatu aurretik.
Beste bi. Leartikerrek osasunaren espezializazioaren baitan, gainera, ehunen ingeniaritzan eta fabrikazio gehigarrian oinarritutako Europako beste bi proiektutan dago lanean: LGMed eta Cardiopatch. Lehendabizikoa, miokardio-infartuaren tratamendurako bide berriak ireki eta pazienteen bizi-kalitatea hobetuko duten irtenbideak eman nahi ditu. Bigarrenak, miokardio-infartuen tratamendu berriak bilatzen ditu.