Txutxo Larrañagari meza agurra egingo diote, Etxebarrian
Apirilaren 17an hil zen puntista ohi etxebarritarra, elizan emango diote azken agurra domekan [maiatzak 1] 11:00etan.
2022ko Aberri Eguna ez zen ondo hasi pilota munduarentzat. Goizean hil zen 93 urterekin Miamin (Estatu Batuak) Jesus ‘Txutxo’ Larrañaga puntista ohia. Zestako historiako pilotari handienetako bat izan zen etxebarritarra. Herriko frontoiak bere izena darama, baita bere irudia ere ezker horman. Domekan [maiatzak 1] egingo diote meza agurra Etxebarriko Andres deuna elizan 11:00etatik aurrera. Juan Ignacio Zulaikak hitz egingo du eta garai desberdinetako pilotariak gerturatuko dira Txutxo Larrañagari azken agurra ematera, besteak beste, Gisasola, Txurruka edota Arrasate.
Adituen arabera, jokatzen ikusi dutenek, Txutxo Larrañaga “handienetan handiena” izan zela nabarmentzen dute. Jokoa bere indarrean oinarritzen zuen, eskumako eskuan batez ere, bere fisikoa zen zalantzarik gabe bere dohairik nagusiena. Horrez gain, ezagutzen zutenek, frontoitik kanpo zuen bere jarrera goraipatu dute beti.
Jesus Txutxo Larrañagak 1945an debutatu zuen Bartzelonan eta Ameriketan aritu zen urte askotan, La Habanan, Miamin eta batez ere Mexikon non izar baten bilakatu zen. 1974an jokatu zuen bere azken partida Durangoko Ezkurdia frontoian. Esku pilotan hasi bazen ere, 17 urterekin eskuan pilotaren ordez zesta jarri zioten eta hor aldatu zen bere bizitza. Kataluinako hiriburuan debutatu zuen eta gero Kanariar Irletan, Madrilen eta Zaragozan aritu zen, gero Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen. 20 urterekin Mexikora heldu zen eta bere bizitzako unerik “onenak” pasa zituen. Hamabi urte luzetan aritu zen Mexikon eta izar batean bilakatu zen.
1953an Miamira joaten hasi zen, bertan jokatzen zuen denboraldiko zati bat eta gero hegoaldera itzultzen zen, bidaia autoz egiten zuten. Urte horietan Txurruka, Kanguro Ermua, Totolo Urrutia, Andrinua, Salsamendi I, Urkola, Etxebarria edota Kareaga zituen aurkari aurreko zein atzeko koadroetan. La Habanan (Kuban) bi tarte desberdinetan aritu zen, lehendabizi 1954 eta 1955ean eta gero 1959 eta 1960an. 1968ko Miamiko grebagatik Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartu zuen eta Markina-Xemeinen, Gernika-Lumon, Durangon edota Donibane-Lohitzunen aritu zen. 1974ko irailaren 28an jokatu zuen bere azken partida 46 urterekin. Azken hamarkadetan Miamin bizi izan zen. Hala ere, urtean behin behintzat bere herrira itzultzen zen eta 2008an, esate baterako, Karmen jaietan Markina-Xemeingo Uni frontoian omenaldia egin zioten.