Erkiaga eta Aldazabal, All Starreko txapeldunorde
Ispastertarrak eta Berrituarrak 15-14/9-15/4-5 galdu zuten Jon Tambourindeguy eta Imanol Lopezen aurka atzo [apirilak 28], Donibane Lohitzunen.
Aritz Erkiagak eta Aimar Aldazabalen bigarren finala zen azken hilabeteetan. Emaitzak, ordea, oso ezberdinak izan ziren. Jai Alai Winterseko finalean aritu ziren biak ala biak. Gernika-Lumon aurkariak izan ziren, atzo [apirilak 28], berriz, bikote izan ziren Donibane Lohitzuneko All-Star txapelketako finalean. Bikote bizkaitarra sufrituta heldu zen final handira, finalaurrekoetan Diego Beaskoetxea gernikarrari eta Thibault Basqueri hirugarren jokoan irabazita (11-15, 15-9, 5-4). Tambourindeguyk eta Lopezek ere lan asko egin behar izzan Xabi Barandika gernikarra eta Eric Irastorza 15-14 bikoitz batengatik mendean hartzeko.
Finala berdindua espero zen eta horrelakoa izan zen. Hasiera batez ere. Pixkanaka bikote bizkaitarrak pilota biziaren bitartez gero eta min gehiago egiten hasi zen. Erkiaga oso eroso zegoen frontoian, pilota nonahi kokatzen eta Aldazabal Lopezi bizkarra erakusten ari zitzaion, horrela 11-7 aurreratu ziren markagailuan. Pilota bizi hori apurtu zenean, berriz, partida goitik behera aldatu zen. Otelagoagaz Jon Tambourindeguy gehiago sartu zen jokoan eta maisuki amaitu zituen zenbait tanto dejaden bidez. Lehen seta 14ko berdinketara heldu zen, baina unerik beroenean Erkiagak, beste behin, bere kalitatea erakutsi zuen Lopez eta Tamboren artean sartu zen bi pareta batekin lehen jokoa gordetzeko.
Lehenengo seta lortuta, indarberrituta, bikote bizkaitarra 4-0 hasi zen bigarrenean, haien merituetatik baino, aurkarien hutsengatik. Pilota motelagaz Tambo eta Lopezek gehiago nagusitzen ziren, Aldazabalek ezin zuen, eskumaz batez ere, aurrelari lapurtarrari pilota kendu eta honek ez zituen aukerak uts egin tantoak amaitzeko. Atzelari zumaiarrak gainera, Gernika-Lumon erakutsitako baino maila askoz handiagoa eman zuen eta azkenean nagusi izan zen atzeko koadroetan. 9-15 izan zen bigarren jokoko emaitza.
Azken seta eta dena erabakitzeke. Gozatua hartu zuten frontoia bete zuten 2.000 ikusleek. Tentsioa giroan nabari zen, pilotariengan ez, ordea. Bikote bizkaitarra 4-3 aurreratu ziren markagailuan, Erkiagaren azken sakean Tambo ausart sartu zen eta maisuki bi paretagaz amaitu. 4-4. All-Starreko azken tantoan gehiago igarri zen jokoan zegoena, piloteo luzea egin zuten lau protagonistek Jon Tambourindeguyk “nahiko” esan zuen arte, lehen aukera garbian airez sartu eta txokoan utzi zuen goxo-goxo pilota. Txapelak ihes egin zien Erkiaga eta Aldazabali.
Lehen aldiz. All Starreko finala baino lehen, Donibane Lohitzuneko frontoiak hartu zuen emakumezkoen arteko Ipar Euskal Herriko zesta-puntako lehen partida. Tartean egon zen Eneritz Lizardi puntista mutrikuarra. Mutrikukoak Maite Ortiz de Mendibile arabarragaz jokatu zuen eta garaipena lortu zuten Oihana Sorozabal eta Aude Laugier iparraldeko bikotearen aurka: 10-8,9-10 eta 5-4.