Arraunlari gazteek Artibai ibaiaren garbiketari ekin zioten zapatuan
Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak eta Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru-diputatuak ekimen honetan parte hartu zuten zapatu goizean, Ondarroan.
Arkote, Bermeo, Elantxobe, Isuntza, Kaiku, Lutxana, Mundaka eta Ondarroako klubetako eskola-kategoriako ehun arraunlarik baino gehiagok parte hartu zuten zapatu goizean, Artibai ibaiaren ertza garbitzeko lanetan. Ondarroan Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Arraun Federakundeak bultzatutako ekimena izan zen eta Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak, eta Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru-diputatuak ere parte hartu zuten ekimenean.
Foru-erakundeak eta kirol-entitateak bat egin dute ekintza honetan, ingurumena zaintzeak eta ibaiak garbi mantentzeak duen garrantziaz kontzientziatu eta kirolaren balioak (talde-lana, solidaritatea, ahalegina…) aldarrikatzeko, baita kirola egitea sustatzeko ere.
Garbiketa-lanak amaitu ondoren, arraunlariak benjamin, kimu, haur eta kadete kategorietako estropadetan lehiatu ziren. Hainbat herritar hurbildu ziren ekimena ikusi eta arraunlariak animatzera.