Lea-Artibaiko Akerbeltzen antxumak Bizkaiko Taldekako finalerdietarako sailkatu dira
Maiatzaren 28an jokatuko dute finalaurrekoa Larrabetzun. Lekeitioko Poto Baptist School taldeak ez du finalaurrekoetara igarotzerik lortu.
Maiatzaren 28an Larrabetzun jokatuko diren Bizkaiko Taldekako finalaurrekoetan egongo dira Lea-Artibaiko Akerbeltzen antxumak. Barikuan [apirilak 29] jokatu zen Bizkaiko Taldekako txapelketaren kanporaketa Markina-Xemeinen, eta eskualdeko taldea izan zen nagusi.
Algortako Gerri maltxurrak izan zituzten aurkari Buztarri tabernan jokatu zen saioan. Akerbeltzen antxumak taldetik Josune Aramendik eta Nahia Ibarzabal markina-xemeindarrek eta Sara Asenjo aulestiarrak egin zuten bertsotan, Gerri maltxurren ordezkariak June Diaz, Oihan Diaz eta Mikel Arrate izan ziren.
Umorez beteriko aurkezpenen ondoren hasi ziren ariketekin. Zortziko handian eta txikian, bakarka eta puntuka aritu ziren besteak beste sei bertsolariak.
Markina-Xemeingo kanporaketagaz gainera, beste lau jokatu dira asteburuan Mungia, Getxo, Iurreta eta Bermeon. Lekeitioko Poto Baptist School taldeak Iurretan izan zuen hitzordua barikuan, baina ez zuten finalarrekoetara igarotzerik lortu. Kanporaketa horretan, Durangaldeko KristiƱanak eta Busturialdeko Ez dakit ba! taldeek parte hartu zuten Poto Baptist School taldeagaz batera, eta Busturialdekoentzat izan zen garaipena.
Getxoko saioan, berriz, AbadiƱoko Koipelustriek taldeak lortu zuen sailkatzea, eta Bermeon Busturialdeko Beethovenen belarriak taldeak eskuratu zuen sailkapena.
Hurrengo, eta azken kanporaketa, maiatzaren 13an izango da Arrigorriagan, eta erabakita geratuko dira maiatzaren 28ko finalaurrekoak. Hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira egun horretan. Finalaurreko bakoitzean hiru taldek saio bakarra jokatuko dute eta irabazlea sailkatuko da finalera.