Liga amaituta, 3.mailako aukerekin jarraitzea lortu du Aurrerak
Zapatu arratsaldean Azkoitian 3-1 galdu zuten arren, Amurriok ere ez zuen irabazi eta beraz, 3.mailan jarraitzeko aukerekin egoten segitzea ahalbidetzen dion 15.postuan amaitu dute liga txapelketa Mikel Etxaburu "Pixki"ren mutilek.
Partidu oso garrantzitsua zen zapatuan Azkoitian jokatu beharrekoa baina taldeak ez zuen bere maila erakutsi. Hasieratik izan ziren nagusi azkoitiarrak eta azken markagailuko 3-1ekoak hori erakutsi zuen. Josu Aldazabalek sartu zuen ondarrutarren gola 29.minutuan, une horretan 2-1ekoa ipintzeko markagailuan.
Mikel Etxaburu entrenatzaileak ez zuen pozik amaitu Txerloiako berdegunean taldeak erakutsitakoarekin, baina bai sailkapenarekin: “zuzenean mailari eusteko borrokan egotea ezinezkoa zela ikusi genuen momentutik 15.postu hau zen gure helburua eta gure emaitzari esker izan ez den arren, lortu dugu. Orain zain egotea geratzen zaigu”. Entrenatzaileak urte guztian mutilek izandako lanerako prestutasuna eta gogoa azpimarratu zituen: “ondo lan egin dute mutilek eta ni pozik nago beraiekin. Dena ematen duenari ezin zaio ezer gehiago eskatu, eta uste dut aurrerazaleek ere nabaritu dutela taldeko kideek dena utzi dutela denboraldi guztian”.
Mailari eusteko itxaropena. Aurrerak 3.mailari eutsi ahal izateko, play- offetara sailkatutako talde euskaldunetatik bat mailaz igo beharra dago. Beasain, Portugalete, Barakaldo eta Basconia dira sailkapen hori lortu dutenak. Asteburu honetan finalerdiak jokatuko dituzte eta datorren asteburuan finala. Euskal taldeen arteko fase honetako finalean garaile denak, 3.mailako beste multzo bateko talde batekin (zozketaz aukeratuko du partida federakuntzak) final nagusia jokatuko du, partidu bakarrera eta zelai neutralean. Partida horretan euskal taldea garaile izanez gero, Aurrerak 3.mailan jarraituko luke; maiatzaren 21ean jakingo da ea mailari eustea lortzen den edo ez.
Zapatuko emaitza onena izan ez zen arren, taldeko kideek zaleek emandako babesa eskertu zuten: “taldea maila galtzeko zorian eta Azkoitiara 200 lagun taldea animatzera. Ikaragarria izan zen. Jaitsiera postuetan egonagatik atzean zenbat zale dauden ikusi dugu eta uste dugu hori dela benetan aberatsa, Aurrerak herrian sustraituta jarraitzen duela”.
Taldeak eguaztenean egingo du denboraldiko azken entrenamendua eta horren ostean bulegoetako lana etorriko da, fitxaketa berriak egiten hasi eta datorren denboraldirako taldea osatzeko, bai 3.mailan edo bai Bizkaiko Ohorezko Mailan. Mikel Etxaburuk zuzendutako talde teknikoak jarraituko du talde nagusiaren arduradun izaten datorren denboraldian ere.