35 urteko gizonezko bat hil da Ondarroan, lan istripu batean
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUk elkarretaratzea deitu dute eguenean [maiatzak 5], 12:00etan, Itsasaurren.
Osalanek ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko. Aurreratu dutenez, langilea Ondarroako Itsasaurre kalean eraberritzen ari diren eraikin batean bakarrik zebilen lanean, eta, leiho baten markoa mozten ari zela lepoan egindako zauri baten ondorioz hil zen.
35 urteko gizonezkoa igeltseroa zen, arduradun lanetan zebilen eraberritze lanetako obretan, eta bost hilabete zeramatzan Zero Plus Berrikuntzan enpresan lanean. Atzo eguerdian aurkitu zuten gorpua bere lankideek.
LAB sindikatutik aipatu dutenez gertaera honek, “laneko segurtasunerako arauak etengabe urratzen direla argi erakusten du”. Langilea bakarrik aritzearen ezaugarriari erreparatu diote “nola liteke gaur egun, obra batean langile bat, bakarka aritzea?”.
“Inork ez du ikuskatzen obretan lanak behar bezala egiten direnik segurtasun
ikuspegitik” gehitu dute. Hortaz, erakundeei neurriak eskatzen dizkiete, bereziki eraikuntzan inspekzio eta jarraipenak areagotu ditzaten segurtasun arauak integratuaraziz.
Sindikatuetatik aipatu dutenez, urte hasieratik Euskal Herrian hil den 22.en langilea da, eta horietatik 8 langile hil dira eraikuntzako lanetan. Gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du eguenerako, Itsasaurren, 12:00etan.
Bestalde, Ondarroako herriak, hainbat eragilerekin batera, elkarretaratzea deitu dute bihar, 19:00etan, Alamedan.