Elkarretaratzeak Ondarroan lan heriotza salatzeko
Asteon herrian gertatutako lan heriotza salatzeko elkarretaratzeak egin dira, hain zuzen ere, atzo arratsaldean, eta gaur eguerdian.
Astelehenean jakinarazi zuten 35 urteko gizonezko bat hil zela Ondarroan, lanean ari zela, bakarrik, Itsasaurre kaleko etxebizitza bateko eraberritze lanetan. Leiho baten markoa mozten ari zela lepoan egindako zauri baten ondorioz hil zen. Langilea igeltseroa zen, arduradun lanetan zebilen eraberritze lanetako obretan, eta bost hilabete zeramatzan Zero Plus Berrikuntzan enpresan lanean.
LAB sindikatutik aipatu dutenez gertaera honek, “laneko segurtasunerako arauak etengabe urratzen direla argi erakusten du”. Langilea bakarrik aritzearen ezaugarriari erreparatu diote “nola liteke gaur egun, obra batean langile bat, bakarka aritzea?”. “Inork ez du ikuskatzen obretan lanak behar bezala egiten direnik segurtasun
ikuspegitik” gehitu dute. Hortaz, erakundeei neurriak eskatzen dizkiete, bereziki eraikuntzan inspekzio eta jarraipenak areagotu ditzaten segurtasun arauak integratuaraziz.
Lan istripua salatzeko eta hildako langilearen senide, lagun eta kideei elkartasuna adierazteko, hainbat elkarretaratze deitu ziren Ondarroan. Gainera, Ondarroako Udalak, elkarretaratzeak burutu diren egunak dolu egun bezala izendatu ditu.
Atzo [maiatzak 4] Ondarroako herriak, hainbat eragilerekin batera, elkarretaratzea egin zuen 19:00etan, Alamedan.
Gaur, 12:00etan, berriz, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUk sindikatuek deitutako elkarretaratzea burutu dute Itsasaurren.