'Kresal usaina' Amaia Aberasturiren azken lana Ondarroan
Maiatzaren 8ra arte egongo da irekita mutrikuarraren artelanak biltzen dituen erakusketa.
Ondarroako herriaren berezitasun den kresal usaina da Amaia Aberasturi mutrikuarraren azken lanaren izenburua. Hori izan baita artistaren helburuetako bat, herriaren sena den itsasoren inguruko artelanak lantzea. Kostaldean orduak igarotzen ditu Aberasturik, garbiketa lanak egiteaz gain, itsasoak kostara hurbiltzen dituen egur zatiak eta boilak jasotzen ditu, eta “jasotzen ditudan unean nire burua sortzen hasten da”. Irudi bat burura etortzea edota zerrekin margoztu edota apaindu ahal dituen bururatzen zaio, hau da sormena aske usten duen unean, lanketa hasten da.
Hainbat eta hainbat material bildu zituen lantegian, eta hortik abiatuz, bost hilabeteko lanaren ostean, Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan ikusgai dugu lana. 240 pieza ditu, eguzki-loreak, egur margotuak, boilak, palak… denetarik, baina guztiak itsasoarekin lotuta. Familiatik errotuta duen hori artearen bidez kanporatu eta Ondarroako herrian girotu du, itsasoarekin duen lotura.
Ez da lehen aldia bere lana Ondarroan aurkezten duena, eta ez da azkena izango, “Ondarroa herri berezia da, jende asko hurbiltzen da eta oso pozik nago horrekin, saltzeaz gain herritarrekin hitz egin eta itsasoari buruzko hizketaldiak izatea polita da”. Orain arteko salmentekin pozik agertu da Aberasturi, eta jada buruan du hurrengo proiektua.
Gainera, berezitasun bezala, hiztegi bat du sarreran. Arrantzale hiztegi bat, non, itsas giroko hitzak jarrita dituen. “Jolas bezala planteatu dut, eta zeresan handiak eman ditu, herri bakoitzean modu batera adierazten dira gauza berberak, hortaz, aberasgarria da hori jasotzea eta hiztegi zabal bat osatzea”.
Bere bakarkako hogeigarren erakusketa da eta “berezia izatea nahi nuen, eta izaten ari da” azpimarratu du. Oraindik domekara arte [maiatzak 8] ikusgai egongo da Erakus Aretoan, hortaz, nahi duen oro hurbiltzera gonbidatu du.