'Pint of science' ekimena, Ondarroan
'Pint of science' zientzia herriko tabernetara hurbilduko duen ekimena martxan jarri dute Ondarroako Beikozini, Kirrixki eta Idoia tabernetan.
Hiru egunez, hain zuzen ere, datorren asteko astelehenean [maiatzak 9], martitzenean [maiatzak 10] eta eguaztenean [maiatzak 11] izango dira jardunaldiak, eta egitarau oparoa eskainiko dute:
Maiatzak 9, astelehena. Lourdes Solozabalek aurkeztuko ditu Beikozinin burutuko diren ondorengo jardunaldiak. 19:00etan emango diote hasiera ekimenari Antxoa: Populazioaren gorabehera handiko arrain urdina hitzaldia eskainiko du Estibaliz Txurruka Alberdi Biologian lizentziadun eta doktoreak. Hain zuzen ere, antxoen ekologiari eta biokimikari buruzko tesi bat burutu du. 20:00etan, berriz, Laginketak arrantza-ikerkuntzan: zertarako datu bilketa? hitzaldia eskainiko du Eneko Bachiller Otamendi Aztiko ikerlariak.
Maiatzak 10, martitzena. Zigor Aldazabalek aurkeztuko ditu Kirrixki tabernan burutuko diren jardunaldiak. 19:00etan, Errealitate areagotuko esperientzia batek, mila irudik baino gehiago balio du hitzaldia emango du Educa Reality enpresako CEO Iker Burguesa Hidalgok. Ondoren, 20:00etan, Manca Telecom, Berriatuko operadore independenteari buruz hitz egingo du Ander Calvo Legarda informatika teknikariak.
Maiatzak 11, eguaztena. Mario Feijóo Anakabek aurkeztuko ditu Idoia tabernako ekimenak. 19:00etan, Eusko Label esne zertifikatuaz ekoiztutako euskal gaztak gaiari buruz hitz egingo du Malen Sarasua Aranberri Leartiker Esne Zentroko zuzendari eta ikertzaileak. 19:30ean, Elikadurak kirol-jardueran duen garrantziari buruzko azken aurrerapenak hitzaldia eskainiko du Jon Feijoo Garetxana nutrizionistak. Amaitzeko, 20:00etan, Aguirreoa kontserbak: antxoa xerra tradizionaletik gatz txikira, hitzaldia eskainiko du Jose Antonio Agirreoa Longarte Conservas Aguirreoa enpresaren jabekideak.