Mutrikuko Emakumeentzako Jabekuntza Eskola martxan

Feminismo anitzak tailer zikloaren barruan hiru saio antolatu dira, eta zapatuan izango da lehenengoa.

Lotune Mutrikuko Emakumeentzako* Jabekuntza Eskolak datozen bi hilabeteetako agenda argitaratu du. Feminismo anitzak tailerraz gain, irrintzi ikastaroa ere eskainiko du. 

 Feminismo anitzak tailer zikloaren barruan hainbat tailer antolatu dituzte, eta antolakuntzatik aipatu dutenez, “tailer hauek emakume anitz bezala ditugun sentipenetatik hausnartzeko eremu bat izan nahi dute, gure zaintza emozionala, sexuala eta buruaren zaintza aldarrikatuz.” Nozio teoriko eta praktikoetatik abiatuta, zaintza, erlaxazio, meditazio eta sendakuntza estrategiak esploratuko dira saioetan, lurralde-gorputza defendatzeko asmoz.​

EGITARAUA

  • Maiatzak 14

Feminismo anitzak tailer zikloaren lehen saioa burutuko da, Luardon, 9:30etatik 13:30etara. Gorputza, natura eta feminismo komunitarioa izango du ardatz ikastaroak, eta Jesica Marroquín eta Isabel Hernandez izango dira bideratzaileak. Aipatu dutenez  “sistema neoliberala zapaltzailea da eta emakumeen bizitzan zuzenean eragiten du.” Hortaz, Maia herrien antzinako jakintzak oinarri hartuta, naturarekin birkonektatzeko beharrari buruz hausnartuko da saioan, ingurumenaren defentsa emakumearen eskubideen defentsarekin lotuz.

Izen-ematea maiatzaren 11 baino lehen egin beharko da, posta elektronikoaren bitartez: feminismoaholkularitza@mutriku.net
 
  • Maiatzak 28

Feminismo anitzak tailer zikloaren bigarren saioa burutuko da, Luardon, 9:30etatik 13:30etara eta, bizitza onerako autozaintzak izango dira ardatz.  Saioa Hernandez, Hagitz elkarteko kideak eskainiko du tailerra, zaintzen inguruan nola sentitzen garen hausnartzea izango da helburua, eremu indibidualetik eta kolektibotik ongizaterako praktikak identifikatuz. “Nagusi den ekoizpen-ereduak lan ordaindua kokatzen du erdigunean, gure denbora okupatuz. Feminismoetatik denbora hori aldarrikatzen dugu gure gorputzak eta inguruan ditugunak zaintzeko.”

Izen-ematea maiatzaren 25a baino lehen egin beharko da, posta elektroniko bitartez feminismoaholkularitza@mutriku.net
 
  • Ekainak 1
Irrintzi ikastaroa eskainiko da, 18:00etatik 20:00etara Luardon, eta Amaia Gartzia Uriondo izango da ikastaroa eskainiko duena.
Izen-ematea maiatzaren 25a baino lehen egin beharko da,  posta elektronikoaren bidez.
 
  • Ekainak 11
Feminismo anitzak tailer zikloaren hirugarren saioa izango da, sentipenak eta sexualitateak landuko dituena, hain zuzen ere. 9:30etatik 13:30ak bitartean burutuko da, eta  Nathalie Bejarano Castro sexologian espezializatutako psikologoa izango da bideratzailea. Tailerraren helburua emakumeen desioaren ukapen historikoari buruz hausnartzea, eta horrek emakumeen gorputzetan eta ongizateetan dituen ondorioak aztertzea izango da. “Emakumeen sexualitatea tabu bat da, ukatua eta estereotipoz eta aurreiritziz betea. Gure sexualitatea aske gozatzea, sexu identitate eta orientazio guztientzat, Giza Eskubide kontu bat da”.
Izen-ematea ekainaren 8a baino lehen ein beharko da,  feminismoaholkularitza@mutriku.net
 
Gainera, jakinarazi dutenez,  udan Lotunek oporrak hartuko ditu, hortaz,  irailaren 12an bueltatuko dira Talde Motorearen bilera irekiarekin, hain zuzen ere, 18:30etan Zabiel Kultur etxeko ganbaran.