Berriatuko Mountain bike martxa antolatu du Urepel Kirol taldeak
Zapatuan [maiatzak 14] herriko plazan emango diote irteera ibilbideari, laburra edo luzea egin daiteke.
23. Mountain Bike martxan izena eman nahi dutenek 08:30etan aurkeztu beharko dira herriko plazan eta 10 euro ordaindu. Irteera ordu erdi beranduago emango diote Berriatuko plazan. Urepel Kirol taldeak aurten bi ibilbide prestatu nahi izan ditu eta helburu nagusitzat jarri dute gazteengan mountain bike bizikletekiko “zaletasuna” zabaltzea.
Alde batetik, ibilbide laburra 25 kilometrokoa da eta 900 metroko desnibel positibokoa, eta beste alde batetik, luzeak 33 kilometro luze ditu eta 1.300 metroko desnibela. Bi ibilbideak zirkularrak izango dira eta besteak beste Kalamendi, Jaungoiko edota Iturino muinoak gainditu beharko dituzte parte hartzaileek. Gainera, aurten, ibilbidearen amaieran jaitsiera tekniko bat prestatu dute, jauziekin eta guzti, Urepel iturritik behera herriko plazara itzuli baino lehen.
Bizikleta gainetik jaitsi eta gero parte hartzaileek hamaiketakoa jateko aukera izango dute eta Berriatuko Udalaren laguntzari esker dutxa zerbitzua egongo da aukeran. Horrez gain, Spiuk eta bertoko produktuen zozketak osatuko dira.
Aurten, “sare sozialen bidez egindako lan onaren bidez”, parte hartzaile kopurua handitzea aurreikusten dute, horrenbestez, 80 pertsonatik ia 100era heltzea espero dute. Gainera, aurten estreinakoz Track sistema jarriko dute martxan antolatzaileek GPS bidez kirolarien jarraipena egin ahal izateko. Urepel Kirol taldeak Berriatuko Udalaren laguntza esker nahi izan du eta “taldearen indarra” nabarmendu nahi izan du.