Bizkaiko eta Gipuzkoako flotak 4.620 tona antxoa eta 7.945 tona berdel harrapatu ditu
Eusko Jaurlaritzak 3,6 milioi euroko aparteko laguntzak eman ditu Ukrainaren inbasioak eragindako egoeratik eratorritako produkzio kostuen igoera konpentsatzeko asmoz.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak, antxoaren eta berdelaren datuak aurkeztu ditu, Getarian. Tapia sailburuagaz batera bertaratu dira Haritz Alberdi Getariako alkatea, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria, Emeterio Urresti Getariako Kofradiako zuzendaria eta Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien zuzendaria.
Maiatzaren 1ean aurkeztutako datuen arabera, Bizkaiko eta Gipuzkoako flotak guztira 4.619.021 kilo antxoa harrapatu ditu, hau da, Espainiako estatu mailan harrapatutakoaren %29,37. Horietatik, 2.653.741 kilo bertoko lonjetan deskargatu ziren, bataz besteko prezioa 1,08 euro/kilo izan zen, eta fakturazio osoa 2.869.564 eurokoa. Euskal Herrtik kanpo dauden lonjen kasuan, berriz, Bizkaiko eta Gipuzkoako flotak 1.965.280,50 kilo deskargatu zituen, prezioa 1,91 euro/kilo izan zen, eta fakturazio globala 3.745.956,12 eurokoa.
Iazko kanpaina osoan, Bizkaiko eta Gipuzkoako flotak 8.112.000 kilo antxoa deskargatu zituen: 2.790.000 kilo antxoa hemengo kofradietan (2020an baino %44 gehiago) eta 5.322.000 kilo Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo (2020an baino %18 gehiago). Bataz besteko salmenta prezioa 1,55 euro/kilo izan zen.
Tapia sailburuaren hitzetan, “orain arteko arrantzaldia ona izan dela esan daiteke harrapaketen ikuspegitik, eta baliteke maiatzaren amaierarako edo ekainaren hasierarako agortzea lehen seihileko honetarako ezarritako kuota. Bestalde, balantzaren beste aldeari erreparatuta, aurten kontserba industriak gehien eskatzen duen antxoa, tamaina handikoa, urruneko uretan agertu da. Hortaz, erregaiaren prezioa kontuan hartzen badugu, itsasontzientzako kostu handiagoa eragiten du, mugitu behar direlako”.
Berdelari buruzko datuak. Berdel arrantzari dagokionez, Bizkaiko eta Gipuzkoako flotak hilabete hasierara arte 7.944.550 kilo harrapatu ditu, hau da, Espainiako estatu mailan harrapatu denaren %35,56. Horietatik, 5.380.732 kilo hemengo portuetan deskargatu ziren, batez besteko prezioa 1,41 euro/kilo izan zen eta fakturazio osoa 7.555.212,52 eurokoa. Espainiako Estatuko portuen kasuan, berriz, Bizkaiko eta Gipuzkoako flotak 2.563.818 kilo deskargatu zituen, prezioa 1,44 euro/kilo izan zen eta fakturazio osoa 3.705.314,09 eurokoa.
Aurreko urtean Bizkaian eta Gipuzkoan 6.672,178 kilo deskargatu ziren, eta fakturazioa 7.562.372 eurokoa izan zen. Espainiako Estatuko portuetan, berriz, 1.450.629 kilo deskargatu ziren, eta fakturazioa 1.613.562 eurokoa izan zen. Hau da, kiloa 1,14 eurotan saldu zen bataz beste.
Tapiaren arabera, uneko berdelaren arrantzaldiak erritmo onean egin du aurrera, eta laster amaituko da. Hala ere, berdelaren kuota harrapatzen duten flota moten artean banatuta dagoela kontuan hartuta, harrapaketen balantzea desorekatua da. “Berri ona da: aurten kolokan egon bagara ere, berdelaren bataz bestekoa (1,40 euro/kilo inguru) azken urteetako preziorik altuena izan delako”.
Aparteko laguntzak. Ukrainako gerraren ondorioz erregaien prezioak gora egin du, eta garraio sektorean izandako gatazken eraginez, sektoreak zailtasunak izan ditu. Ondorioz hainbat enpresak arrantza geldiarazi dute, ezin izan dutelako produktua banatu. Horren harira, Tapiak gogorarazi du lehen sektorerako apartzeko laguntza-lerroak ezarri dituztela. Flotaren kasuan, itsasontziaren eta urteko erregaien kontsumo potentzialaren arabera kalkulatuko dira, eta 3,6 milioi euro izatera ailegatu daiteke. Horren bidez, produkzio kostuen gehikuntza eta horiek prezioetan eta merkatuetan dituzten ondorioak ahal den neurrian konpentsatu nahi dira.