Sagarmendi Gipuzkoako Binakako Txapelketako finalean
Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketaren XII. Finala lehiatuko da zapatuan, eta han izango da Eneko Sagarmendi mutrikuarra.
Zapatuan, 10:30etatik aurrera, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan, Gipuzkoako Binakako Txapelketaren finalak lehiatuko dira.
Eneko Sagarmendi mutrikuarra bertan izango da, eta Joseba Altuna oreretarra izango du bikotekide oraingoan. Lehenengo aldia izango da Altunarekin batera jokatuko duena, orain arte Leire Esnal izan baitu bikotekide. Hala ere, elkar ezagutzen dute, lagunak dira, hortaz, ez dago arduratuta Sagarmendi. Bere esanetan “fisikoki ondo gaude eta hori garrantzitsua da”.
Iraitz Huegun donostiarra eta Aritz Lertxundi zarauztarra izango dituzte aurrez aurre bihar, baina mutrikuarraren esanetan “prest gaude biharko erronkari aurre egiteko”. Orain arteko ibilbidea ikusita, ez dago mutrikuarrak maila emango duenaren zalantzarik. Hortaz, bihar Zumaiako Aitzuri pilotalekura hurbiltzen direnek, partida estua ikusteko aukera izango dute.