Arnoko XVI. Mendi lasterketa eta ibilaldia ekainaren 5ean burutuko dira
22 kilometro eta 1.097 metroko desnibel metatua duen ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek. Izena emateko azken eguna maiatzaren 30a izango da.
Ekainaren 5ean ezarri dute hitzordua, Arnoko XVI. Mendi lasterketa eta ibilaldia berriz martxan jartzeko. Ibilaldiak, ohi bezala, 22 kilometro izango ditu, eta Txurruka Plazatik abiatuko dira, San Juan, Kalbaixo, Arno, Ameikutz, Kostolamendi, Berrosasi, Pikupe eta Galdona igaroko dituzte, helmugara heldu bitartean.
Lasterketan parte hartuko dutenek, 10etan izango dute irteera ordua Txurruka Plazatik, eta hiru ordu eta hamabost minutuko epe-muga izango dute lasterketa amaitzeko. Izen ematea web orrialdetik egin behar da eta 20 euroko prezioa izango du. Gainera, aurten, kreditu txartelaren bidez egingo da izen ematea osatzeko ordainketa.
Ibilaldian parte hartuko duten mendizaleek, 8:00etan emango diote hasiera ibilaldiari Txurruka Plazatik, eta bost ordu eta hamabost minutuko epe-muga izango dute ibilaldia amaitzeko. Izena ematea 10 euro izango da web orrialdetik eginez gero, bestalde, egunean bertan ibilaldia hasi baino lehenago ere aukera egongo da, 15 euro izango da, baina mendizale hauek ez dute ezbehar asegururik izango.