Bueltan datoz Kamiñazpi auzoko jaiak
Ekainaren 3 arratsaldean hasiko dira jaiak, txupinazoagaz eta txosnaren irekieragaz. Bi egunez, egitarau zabalagaz gozatzeko aukera edukiko dute Kamiñazpira hurbiltzen direnek.
![](https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2022/05/kaminazpiko_jaiak.jpg)
Aurten ere musika eskaintza zabalagaz datoz Kamiñazpiko jaiak. Kamiñazpiko Jai Batzordeak eta Ondarroako Udalak elkarlanean ahalegin berezia egin dute adin eta publiko guztietara zuzentzen den musika egitarau zabala prestatzeko.
Barikuko [ekainak 3] proposamenen artean, esate baterako, jada Kamiñazpiko gauak girotu izan dituen mexikar zaporeko kantu alaiak jotzen dituen Puro relajo talde nafarraren rantxerek alaituko dute gau hasiera.Talde nafarrak mexikar musika jotzen du gehienbat, baina tartean, euskal kantu klasiko eta modernoagoei ere egiten die tokia.
Ondoren, azken boladan herriko hainbat tokitan izan den herriko Abdela music–ekin gozatzeko aukera egongo da. Gauagaz amaitzeko, hiru DJren saioek osatuko dute gaua, hain zuzen ere, Jon Larrañana, Trontxo eta Ramos izango dira saioak eskainiko dituztenak. Zapatuan, berriz, Joselu Anaiak, Braulio eta DJ Juseff izango dira gaua girotzeaz arduratuko direnak.
Musikaz gain, beti-betiko jaien esentzia gordetzen duten bestelako hainbat ekintza ere badakarte jaiek. Barikuan zein zapatuan bertaratzen direnek egitarau zabalagaz gozatzeko aukera edukiko dute. Hortaz, barikuko play-back lehiaketan parte hartzeko izena ematea zabalik dagoela aipatu dute; maiatzaren 28a izango da izena emateko azken eguna, eta Amarratzan egin behar da. Lehenengo hamar talde edo bakarlarik parte hartu ahalko dute, eta baieztapenak telefono bidez egingo direla aurreratu dute. Bestalde, zapatu goizean jokatuko den pala txapelketa eta eguerdian egingo den paella prestaketan izena ematea ere zabalik dago.
Auzolana. Aurtengo jaiak antolatzen hasi zirenean Jai Batzordeko kideek deia egin zuten, antolakuntza lanetarako jendea behar zela eta bilerara hurbiltzeko eskatuz. Aipatu dutenez, gazteak hurbildu ziren, eta “pozik” agertu dira izandako erantzunagaz. Hala ere, Kamiñazpikoa bizirik mantentzen den auzo jai bakarra dela gogorarazi dute Jai Batzordeko kideek, eta jaia posible egiteko auzolana berebizikoa dela azpimarratu dute.
EGITARAUA
Ekainak 2, barikua
- 18:00. Txupinazoa eta txosnen irekiera.
- 20.00. Pop-rock saioa, Unanue Musika Eskolaren eskutik.
- 22:00. Play-back lehiaketa.
- 23:30. Puro relajo kontzertua.
- Ondoren. Abdela music.
- 03:00. DJak: Jon Larrañaga, Ramos eta Trontxo.
Ekainak 3, zapatua
- 10:00. Kamiñazpiko Pala Txapelketa.
- 11:00. Umeentzako txirrindu ginkana, herri kirolak eta aurpegia margoztea.
- 11:00. Trikitilariak auzoan.
- 11:30. Puzgarriak.
- 13:00. Paella prestatzen hasi.
- 15:00. Bazkaria.
- 17:00. Zaldi eta zezen txikiak, frontoian.
- 18:00. Umeentzako zinema, OLEEren eskutik. Ibaiondoko etxeetako tunelean.
- 18:30. Umeentzako puzgarriak.
- 19:00. Joselu Anaiak.
- 22:00. Braulio.
- 00.00. Joselu Anaiak.
- 02:00. DJ Juseff.