Euskaltzale guztiak bildu nahi ditu Donostian Gazte Euskaltzaleen Sareak
Apirilean aurkeztu zuten Gazte Euskaltzaleen Sarea, gazteen ikuspegia euskararen borrokara txertatua izateko asmoz, eta zapatuan [maiatzak 21] manifestazioa egingo dute Donostian. #Euskara Aurrera lelopean egingo den manifestazioa euskararen aldekoa eta guztiz belaunaldiartekoa dela esan dute.
Aurtengo apirilean Tolosan modu ofizialean aurkeztutako Gazte Euskaltzaleen Sareak #EuskaraAurrera lelopean zapatuan [maiatzak 21] Donostian egingo duten manifestaziorako deialdia egin die Euskal Herriko euskaltzale guztiei, bertan euskararen aldeko aldarria aireratu dezaten.
#EuskaraAurrera traola erabilita, Telegramean mugitzen dabiltza. Donostian profil argia topatzea espero dute: «Euskal Herrian euskaraz bizitzea posible izatea gura duen pertsona oro aurkitzea gura genuke», adierazi du sareko partaide Beñat Bilbao gernikarrak.
Hori bai, ez dute inongo adin edo bestelako mugarik zehaztu: «Beste hainbat eta hainbat borroka sozialen modura, euskararen aldekoa ere guztiz belaunaldiartekoa da; egia da Gazte Euskaltzaleen Sareko subjektuak, zelan edo halan, gazteak direla, baina zapatuko manifestazioa euskalgintzak aho batez babesten duen ekimena da, eta, ondorioz, eragile, talde edota euskararen aldeko militante guztiei zuzenduta dago». Bilbaok ez dio helburu kuantitatiborik jartzen agerraldi horri; bere gurariak «euskararen aldeko militantzia begibistan geratzea eta, horregaz batera, pertsona gazteen presentzia nabaria egotea» dira.
Gazte Euskaltzaleen Sarearen hazia 2016an ernaldu zen, Barañainen egin ziren GaztEraiki izeneko topaketetan
2016an ernaldu zen hazia. Gazte Euskaltzaleen Sarea «euskararen aldeko borrokari zein aldarrikapenari gazteen ikuspuntua gehitu gura dion sarea da». Horrela definitzen du Bilbaok aurkeztu berri den taldearen izatea eta noranzkoa. Azaldu duenez, Gazte Euskaltzaleen Sarearen hazia 2016an ernaldu zen, Barañainen egin ziren GaztEraiki izeneko topaketetan; bertan, «hainbat talde, eragile feminista edota asanblada» elkartu ziren, denetariko langaiak lantzeko helburuagaz. Gai horien artean zegoen, hain zuzen ere, euskara.
Lehenengo saretze haren ondoren, Bizkai aldean izan zuen sare hark trinkotzerik nabarmenena, batez ere, Bilbo nahiz Algorta aldean. Lehen kontaktu ezartze hura gertatu eta bi urte ingurura, alegia, 2018an, Topa Gaitezen izeneko Bizkaiko Gazte Euskaltzaleen Topaketak egin ziren Portugaleten, eta bertan «saretzearen sakontzea eta diskurtso baten lehen urratsen zuztartzea» eman ziren, Bilbaoren ustez. Lehen helburua argia zen: zabalkundea.
Kontaktuak egiteagaz batera, Bizkai mailara, lehenengo, eta, ondoren, Euskal Herri mailara jauzia egitea zen orduko asmoa. Zabalkuntza haren gerizpean heldu ziren lehendabiziko ekimenak, «oso xumeak izan zirenak», jarraian koronabirusaren pandemiak «prozesu guzti-guztia» errotik eten baitzuen. Dena dela, ekimen horietako bat aurrera ateratzea erabaki zuten: Gaztealdia.
Gazte mugimenduetan dabiltzan eragileen euskara «lehentasun modura ulertzea» bilatzen dute
Mugimendu hura Euskaraldiagaz modu paraleloan baina «oso bereiztuta» jaio zen. Bilbaok adierazitakoaren arabera, «Euskaraldiak euskararen erabilera indibiduala hauspotzen du, eta gu geu ere horregaz bat gatoz, baina, era berean, oso argi daukagu arazoaren muina sakonagoa dela, eta, egun, ikusten dugu ez direla ematen euskaraz bizi ahal izateko baldintza egokiak, hainbat irizpide tarteko».
Behin Gaztealdia sortuta eta ordura arteko kontaktuak sendo sustraituta, «argi eta garbi» ikusi zuten jada bazela jendea euskararen borroka horren inguruan multzo gisa antolatua zegoena, eta, gainera, unibertsitateetako euskara taldeak ere aldarrikapenera batu ziren. Horrenbestez, iaz prozesua «bizkortzen eta formalizatzen» hasi ziren, eta urte honetan «hamaikatxo asanblada» egin dituzte, egungo Gazte Euskaltzaleen Sarea ofizialki aurkeztu arte.
Diskurtsoa, fintzeko bidean. Gazte Euskaltzaleen Sarearen diskurtsoa euskararen inguruan lerrokatutako «denetariko planoekin» erlazionatuta dago. Dena dela, lotura zuzena dauka helburuagaz, hau da, «gazte belaunaldiak euskararen borrokara batzeagaz». Horregatik, gazte mugimenduetan dabiltzan eragileen euskara «lehentasun modura ulertzea» bilatzen dute. Bilbaok argitu du oraindik diskurtsoa «fintzeko bidean» daudela, proiektua apirilean aurkeztu zutelako, baina metafora bat dute oinarri: «Nahi eta ezin».
«Euskara, Euskal Herriko zenbait ingurunetan, oraindik ez da hizkuntza ofizial gisa ulertzen»
Gernikarraren arabera, «hainbat dira euskaraz bizi gura duten gazteak, baina egungo egoerak ez du horrelakorik inondik inora ahalbidetzen, hainbat alderdiko oztopoak baitaude». Traba horiek erabilera ohiturekin, arlo judizialagaz edota zabalkuntza mediatikoagaz lotuta daude.
Batetik, hizkuntzaren ofizialtasunik eza salatzen dute: «Euskara, Euskal Herriko zenbait ingurunetan, oraindik ez da hizkuntza ofizial gisa ulertzen». Bestetik, ofiziala izan arren, hezkuntza ehuneko ehunean euskaraz egitea ezinezkoa da, «EHUn barne».
Horrez gain, aisialdi ereduei ere keinu egin gura die: «Argi dago egungo aisialdi eskaintzaren zati izugarri bat pantailen bitartez ematen dela, eta alor horretan euskararen presentzia hutsala da». Alde horietan guztiek euskaraz bizitzeko «oztopoak besterik ez» daudela dio.
«Komunikazioa eta saretzea hauspotzea» da sarearen lehenengo helmuga
Oraindik herrika edo eskualdeka antolatutako egitura trinkorik ez dute sortu, eta, oraingoz, «norbanakoen eta unibertsitateetako eragileen lanetik» edaten du egitasmoak. Bestalde, jomuga globala «gazte belaunaldiak euskararen aldeko borrokan lerrokatzea» den arren, «komunikazioa eta saretzea hauspotzea» da lehenengo helmuga, momentuz: «Gazte mugimenduetan parte hartzen duen jendeari txapel orokor bat eskaini gura diogu, euskararen aldeko borroka praktikara eroateko, eremu bakoitzeko egoerak eta testuingurua aintzat izanda».
Adibideak ere baditu Bilbaok: «Herriren bateko gazte asanbladako kidea edota, demagun, Gasteizko unibertsitateko ikaslea izanez gero, Gazte Euskaltzaleen Sareak txikitasunetik abiatuta martxan jartzeko dinamikak eskaintzen ditu».
Gaur gaurkoz, saretzea «modu orokorrean» egitea eta «batasun handi bat lortzea» dute helmuga eta, hortaz, ez dute lehen mailako jomugatzat «lurraldekako taldeak sortzeko prozesua abian ipintzea». Bilbaoren ustez, «epe laburrera, ez da baloratzen Gernikako edota Ondarroako Gazte Euskaltzaleen Taldeak sortzea». Lekuan lekukorako salto horrek, beraz, itxaron egin beharko du.