Geoparkeko itsaslabarren garbiketarako boluntarioak behar dira
Euskal Kostaldeko Geoparkeak Deba eta Zumaia arteko itsaslabarraren garbiketa antolatu du maiatzaren 29an, eta boluntarioak behar dituzte.
Maiatzaren 29an burutuko da garbiketa, eta labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak biltzea izango da eginbehar nagusia, hain zuzen ere, Deba-Zumaia biotopoan, Elorriagako labarretan.
Ekimenaren helburua da herritarrak ingurumen balioaz jabetzea eta kontzientziazio lan horretan partaide aktibo bihurtzea, auzolanaren bitartez. Hori dela eta, deialdia luzatu dute antolatzaileek Mutriku, Deba eta Zumaiako, zein inguruko herritarrek ekintzan parte hartu dezaten, ondare naturala zaindu beharraren garrantziaz jabetu eta ingurumena zaintzeko helburua duen ekimenean.
8:30etan autobusa aterako da Debako Zumarditik, parte hartzaileak Elorriagaraino eramango ditu, eta bertatik labarretara jaitsiko dira. Gainera, talde bat antolatuko dute, gidari batekin, Zumaiatik oinez joan nahi dutenentzat. Talde honen irteera puntua Elorriagako San Sebastian ermita izango da, 9:00etan. Kotxez ere joateko aukera dago, baina kontuan izan behar da aparkalekua mugatua dela.
Boluntarioen lana bideratu eta zuzentzeaz arduratuko direnak, Euskal Kostaldeko Geroparkeko ordezkariak izango dira. Hiru orduko lana izango dela aurreikusten dute, eta ondoren, zakuak helikopteroz igoko dira Elorriagara.
Garbiketan parte hartu nahi dutenek labur.eus/garbiketa2022 helbidearen bitartez izena eman behar dute.