Bueltan da Ondarroako jai herrikoia, bueltan da Antxoa Eguna
Turrun hotsa, bat, bi, hiru. Hiru aldiz dei egingo du sirena hotsak. Antxoa Egunari hasiera emanda herritarren eguna bueltan egongo da, baita ere herritarrak omentzeko unea. Hiru dei, bi zilar, herri bat.
Osasun egoera tarteko bi urtez bertan behera geratu ostean, bihar Alde Zaharreko kaleak hartuko ditu hogeita batgarren Antxoa Egunak. Egun guztiko egitaraua antolatu du Ondarroako Udalak herriko beste elkarte batzuekin batera.
Augustin Zubikarairen Itxas-Aize liburuko Maiatzeko lorarik ederrena, antxoa andia atsotitza erabili dute aurtengo jaiaren lelo modura. “Geure-geurea den produktua erdigunean ipinita, pandemia osteko lehen festa herrikoi handia izango da Ondarroan, eta gogotsu gaude”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. “Denbora daramagu jai herrikoien zain eta, azkenean, ailegatu da. Herritarrei kalera irten eta gozatzeko deia luzatu nahi diet”.
“Herritarrak dira Antxoa Eguna bera sustatzen eta gozatzen dutenak”
Herriko elkarte gastronomikoei esker antxoa modu desberdinetan dastatzeko aukera edukiko dute herritarrek eta Ondarroara doazen guztiek. Hain zuzen ere, elkarte gastronomikoek 400 kilo antxoagaz 2.100 pintxo inguru prestatuko dituzte. “Festaren oinarri dira elkarte gastronomikoetako kideak, euren borondatezko lanari esker ipintzen baitira herritarren eskura hainbeste pintxo”. Pintxo horiek saltzeaz herriko taldeak arduratuko dira Nasa kaleko postuetan, beraien elkarteentzat diru bat ateratzeko asmoz. Pintxo bakoitzak euro bat balioko du. “Pandemia aurreko urteetan ikusi genuen funtzionatzen zuen formula dela, eta orain ere bide horretatik jarraitzea erabaki dugu. Horrela, herritarrak dira Antxoa Eguna bera sustatzen eta gozatzen dutenak”, azpimarratu du Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak.
Herrian errotuta dagoen jaia, bi urtez bertan behera geratu ondoren, berritasunekin dator. Herriko txikienei erreparatu eta beraiei zuzendutako ekintza bat antolatu dute, hain zuzen ere, antxoa sukaldatzen ikasteko aukera edukiko dute. Gamarra Ostalaritza Eskolako kideek ikastaro bat eskainiko diete, frontoian.
Urtero legez, aurten ere produktua, kultura eta kirola uztartuko dira Antxoa Egunaren baitan. Trainerillen Bizkaiko Txapelketa jokatu ostean, Trainerillen Euskadiko Txapelketa lehiatuko da asteburuan, Ondarroako badian; zapatuan kanporaketak eta domekan finalak.
Udalak esker ona adierazi die Antxoa Eguna posible egiten duten guztiei: “Eskerrak eman nahi dizkiegu jai hau antolatzen lagundu duten boluntario eta herriko elkarte guztiei, beraien laguntzarik gabe zeinezkoa litzatekeelako Antxoa Egune ezagutzen dugun moduko jai herrikoia izatea”.
Zilarrezko Antxoa, baten ordez, bi
“Uste dut bat etorriko garela ondarrutar guztiok saria merezitakoa dela esaten dudanean”
2022ko Zilarrezko Antxoa bihar 14:00etan emango dute Alde Zaharrean. Aurten, ez dute aurretiaz iragarri zeini emango dioten errekonozimenduaren ikur den saria, hortaz, bihar eguerdian zuzenean jakiteko aukeraz gozatzeko aukera egongo da, herriko giroagaz batera. Aurtengo aitortzaz gain, 2020an Zilarrezko Antxoa irabazi zuten baina pandemia zela-eta jaso ezin izan zuten Artibai Udal Egoitzako langileei ere emango diete dagokien saria.
2020ko Zilarrezko Antxoak ez zuen merezitako omenaldi festarik izan, COVID-19aren pandemia erdigunean izanik. Hain zuzen ere, osasun larrialdi horren erdigunean egon zirenei eman zieten egindako lanaren errekonozimendu modura 2020ko Zilarrezko Antxoa. Beraien lana balioan ipini eta aitortza bat egin nahi izan zien udalak: “Saria Artibai Egoitzako langile guztiei zuzenduta dago, bere egin behar dute, hain zuzen ere, zuzendariak, erizainek, erizain laguntzaileek, sukaldariek, garbitzaileek, mantenimendukoak, medikuak, fisioterapeutak, animatzaileek… guztiek”.
“Uste dut bat etorriko garela ondarrutar guztiok saria merezitakoa dela esaten dudanean”, esan zuen Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak Zilarrezko Antxoa Artibai Egoitzari emango ziotela jakinarazi zutenean.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak eskerrak eman zizkien langileei eta egoiliarrei pandemia garaian erakutsitako konpromisoarengatik, eta baita egoiliarren senideei ere, egoeraren larritasunagaz hasieratik jabetu eta arduratsu jokatzearren». Hortaz, bi urteko geldialdiaren ostean, merezitako errekonozimendu hori omentzeko aukera izango dute, bai udalak eta baita herritarrek ere.
EGITARAUA
Maiatzak 21, zapatua
- 12:00. Jaiaren hasiera. Pintxoen dastaketa postuetan eta tabernetan: Alai, Anaitasuna, Andik Ona, Apallu, Arkupe, Arrantzale, Badis, Batzokia, Beikozini, Boga-Boga, Cantabrico, Gau Argi, Gaztedi, Gelasio, Kirrixki, Ku-Kua, Maddi, Mamu, Sokoa, Sutargi, Torrepe, Txanpa eta Xirula.
- 12:00. Kantaize orfeoia, kalerik kale.
- 12:00-14:00. Umeentzako sukaldaritza tailerra, frontoian.
- 14:00. 2020ko eta 2022ko Zilarrezko Antxoen banaketa, Alde Zaharrean.
- 16:00. Estropadak, Ondarroako badian. Trainerillen Euskadiko Txapelketako kanporaketa.
- 18:30-01:00. DJ Jotatxo, Beikozinin.
- 21:00. Kontzertua, Musika Plazan: Doe.
- 22:30. Kontzertua, Musika Plazan: Keike.
Maiatzak 22, domeka
- 10:30. Estropadak: Trainerillen Euskadiko Txapelketako finalak.