Lekeitioko tomate landaketa ikastaroak arrakasta handia izan du
Parte hartzaileek azalpenak jaso eta ezagutza horiek praktikan jartzeko aukera eduki zuten. Aste honetan berriro antzeko ekintza bat prestatuko dutela iragarri du Lekitto Bedarrak.
Guztira, 40 lagunek parte hartu zuten Lekitto Bedarrak antolatuta joan den eguenean [maiatzak 19] egin zen tomate landaketa ikastaroan. Parte hartzaileek azalpenak jaso eta ezagutza horiek praktikan jartzeko aukera eduki zuten.
Jakinarazi dutenez, asunekin eta konpostagaz landatu zituzten landarak, “indartsu eta osasuntsu hazi daitezen”. Antolatzaileek esan dutenez, partaideak betetako inkestan “oso ondo” baloratu zuten emandako informazio teoriko eta praktikoa. Pozik jaso zituzten baita ere punta luze motako tomate landarak opari. Eramandako landara guztiak berehala amaitu ziren, baina nahi duen guztiak Lur Berri dendan eskatzeko aukera dauka oraindik. Landara azken 60 urtean Lekeition bertan ekoiztutakoa da, eta doan banatzen dute.
Aste honetan berriro antzeko ekintza bat prestatuko dutela iragarri du Lekitto Bedarrak.