Ibilketa nordikoaren nondik norakoak azalduko dituzte Ispasterren
Saio teorikoa eta praktikoa emango dute, maiatzaren 28an eta ekainaren 11n. Euskadi Trek taldekoek emango dute ikastaroa.
Ispasterreko Bizi Nagusien Elkarteak, udalaren babesagaz, ibilketa nordiko ikastaroa antolatu du. Ikastaro hori Euskadi Trek taldeko kideek emango dute, maiatzaren 28an eta ekainaren 11n. Bi esparrutan banaturiko ikastaroa izango da: teorikoa eta praktikoa. Alde teorikoa maiatzaren 28an egingo dute, 10:00etatik 11:00etara; jarraian, 11:00etatik 12:30era artean, ertz praktikoak landuko dituzte. Ekainaren 11n emango diote jarraipena arlo praktikoari, 10:00etatik 11:30era.
Antolatzaileek aurreratutakoaren arabera, plaza kopuru mugatua egongo da ikastarorako. Era berean, lehentasuna izango dute Bizi Elkarteko kideek edota Ispasterren erroldaturiko 60 urtetik gorako herritarrek. Izena emateko, maiatzaren 23a orduko, Nagusien Elkarteko batzordeko norbaiti jakinarazi beharko zaio; osterantzean, udaletxeko 946842999 telefono zenbakira deitu beharko da. Bestalde, ez da izango zertan makilarik eroan: ikastaroa emango dutenek parte hartzaileentzako eskuragarri izango dituzte zenbait makina.