Surik gabeko bi urteren ostean, badator aurten, San Joan suen gaua Artelanen eskutik.
Ekainaren 23ko gauerdian urteroko Akelarrea egingo dela aurreratu dute Artelan Kultur Elkarteko kideek. Ohi bezala, kalejira Arrigorritik hasi, Plaiko Zubitik igaro eta Plaza Musikan amaituko da.
Elkartetik gonbidapena luzatu diete herritarrei, Erdi Aroko arropak jantzi eta parte hartzera, gainera, jantzi egokirik ez duenari, eurek utziko dizkiete arropak.
22:00etatik aurrera Arrigorri hondartzako txiringitoan egongo dira prestakuntza lanak egiten, hala nola, jantzi, aurpegiak margotu, danborrak findu… “Animatu eta etorri ume, gazte, aitona-amona, guraso, eta nahi dituzuen lagun guztiekin etorri, denon eskuetan dagoelako gau magiko honetako giro bereziari eustea, dantzan, kantuan eta erromerian”.
Bestalde, herriko ikastetxeetako irakasleentzako ere eskakizun bat luzatu dute, ikasturte amaierako egunetan udako solstizioari buruzko euskaldunen ohiturak mahai-gaineratzea; sorginei buruzko ipuinak, akelarreak, mitologiako pertsonaiak, ukenduak… Edota herriko ohitura zaharrei buruz hitz egitea, hau da, ahozko transmisioa bultzatzea, belaunaldien arteko komunikazioa bide erabiliz, inguruan ditugun familia edo lagunen ahotatik entzun eta egun hauek bizirik mantendu.